Erantzun zabala grebak

EduMendibil 2011ko urtarrilaren 27a

Erantzun zabala grebak eta goiza lasaia. Horrela labur daitezke gaurko greba eguneko lehenbiziko orduak. ELA eta LAB sindikatuetako iturriek emandako datuen arabera, greba ia-ia %100ekoa da enpresa pribatuetan ibarrean eta enpresa txiki batzuk baino ez daude lanean. Orain, komertzioen erantzunaren zain dira sindikatuak. Dagoeneko bi autobus abiatu dira Donostian 9:00etan egingo den manifestaziorako. Eguerdian beste manifestazio bat izango da Gipuzkoako hiriburuan eta Debagoienari dagokionez, arratsalderako egin dute hitzordua sindikatuek, 18:00etan Arrasateko Seber Altube plazan.

Enpresa pribatuan eta hezkuntzan greba ia-ia erabatekoa dela adierazi digute LAB eta ELA sindikatuetatik. Debagoieneko Ospitalean larrialdi zerbitzua bakarrik dago martxan. Orain, komertzioen eta banketxeen erantzunaren zain dira sindikatuetako ordezkariak.

Bergaran, esaterako, erantzuna %100ekoa dela adierazi digu Jose Ramon Kortabarria Moztu LABeko delegatuak. Enpresa handien kasuan, TTT izan ezik, gainerakoek greba egin dutela adierazi digu. Geyser, Metagra, Iraundi, Lacor, Rodamientos Eder, Candy, Lazpiur, Arcelor, Torunsa edota Tornilleria Deban greban dira.

Era berean, Oñati eta Arrasate "geldirik" daudela esan digu Patxi Zubizarreta ELAko ordezkariak. Arrasaten, Gelman lanean dira eta Polmetasaren kasuan %40 dago lanean. Hainbat kooperatibaren kasuan gehiegizko zerbitzui minimoak jarri dituztela salatu dute sindikatuek. Goizean goizetik, bostak ingurutik, ibili dira piketeak eta Ertzaintza ere bai. Edozein modutan, ez da inolako arazorik egon orain arte. Egoera erabat lasaia zen 07:00etan Bergarako Labegaraietako industrialdean eta San Juan edo Arrasateko Kataiden. Mondragon Taldeko Egoitza Nagusirako sarreran piketeak zeuden zazpi t´erdiak aldean; 20 bat lagunek txistuekin eta pankartekin hartzen zituzten handik autoetan lanera igotzen zirenak, grebara deituz.

Zerbitzuak

Udalei dagokienez, bailarako herri guztietan egin dute greba Leintz Gatzagako udaletxean izan ezik. Arrasaten herri barruko autobusak %30eko maiztasunarekin ibiliko dira. Lurraldebusek atzo iragarri zuenez, zerbitzuen %30 eskainiko du gaur. 

ELA, LAB, EHNE, HIRU eta EILASEk deitu dute gaurko greba pentsioen erreformaren aurka eta, besteak beste, Ezker Abertzaleak, Eusko Alkartasunak, Aralarrek eta Alternatibak bat egin dute greba deialdiarekin.

Oñati: Enpresa handienek, Udalak, hezkuntzak eta merkatariek greba

Arrasate: Arrasateko zerbitzu asko itxita, greba dela-eta

Bergara: Bergarako enpresa gehienak, grebara

Aretxabaleta: Zerbitzu gutxi izango da gaur, grebaren ondorioz

Eskoriatza: Greba igarri da herrian

Antzuola: Udal zerbitzuak itxita, greba dela-eta

Elgeta: Elgetako udal zerbitzuak itxita, greba dela-eta

Debagoiena: Kooperatiba askotan greba

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak