Estitxu Fernandez: ''Naturarekin bat nagoenean sentitzen naiz erabat ni''

Txomin Madina Milikua 2011ko urt. 27a, 01:00

Bost ordu ematen ditu telebistan arratsaldero kontu kontari. Baina sexologoa ere bada, baita bertsolaria ere. Hori guztia gutxi balitz, doula ikastaro baten dabil.

1. Sexologia ikasi zenuen, baina aurkezlea zara.... Hain gaizki daude sexu kontuak Euskal Herrian?
Sexologo gisa lana izateak adieraziko luke gaizki daudela! Hala ere, sexologia eta psikologia kontuak ez ditut erabat baztertu, izugarri interesatzen zaizkit. Egia da, kontrakoa uste arren, sexuak tabu izaten segitzen duela.

2. Magazineak, talk show-ak, kirolak, Bertso Finala... Aurpegi askotariko neska zara.
Badago tarte txiki bat aukeratzeko, baina, herri eta telebista txikia izanda, tokatzen dena egin behar da batzuetan. Baina gustatzen zait aldatzea, eta azken urteotan hagitz gustura nabil.

3. Zein gai lantzeak alaitzen dizu programa?
Psikologia eta sexologiari buruzkoak gehiago landuko nituzke; giza harremanak. Mundua hobeto joateko oinarria dira.

4. Debagoiendar batekin hainbeste ordu pasata, ikasi duzu gure ibarreko esamolderik?
Kontua da Oihan Vegarekin nagoenean, batuan hitz egiten duela... Baina jauk eta halako hikako formak gustuko ditut.

5. Kirolak aurkeztu bai... baina praktikatzen dituzu?
Oraintxe igerilekutik nator, yoga egiten dut, pilatesa... Asteburuetan mendia: askatasun sentsazioa ematen dit; naturarekin bat nagoenean sentitzen naiz erabat ni.

6. Arratsaldeetako borrokan, nori beldur handiago: Belen Estebani ala dokumentaletako piztiei?
Belen Estebani eta konpainiari. Audientziei ez diet kasu handirik egiten, baina muga etikoak aspaldi gainditu zituzten.

7. Kameraren pilotua gorri, baina zure burua zuri. Zer egin?
Hitz jarioan konfiantza eduki eta mingaina aske utzi; ez lotu, naturaltasunez jokatu.

8. 60 urterekin ere aurkezle ikusten duzu zeure burua?
Ez dakit telebistan izango den, baina seguru lanean jarraitu beharko dudala. Zergatik ez? Uste dut gaztetasuna gehiegi baloratzen dugula, adineko jendea aldarrikatu behar dela. Hori bai, telebistan banago, espero dut ez izatea egungo erritmo berean.

9. Irratiko uhinetan ere nabigatu duzu. Bueltatzeko asmorik?
Gustura aritu nintzen, eta egun, bost orduko programarekin, pentsatu izan dut: ze lasai nengoen! Beti erran izan dut telebista dela gehien gustatzen zaidana, baina momentuak eta momentuak daude. Orain, baina, ezin.

10. Gogoratzen duzu botatako azken bertsoa?
Egiten ari naizen doula ikastaroko erditze erritual baten izan zen. Zer den doula? Haurdunalditik jaioberriaren lehen egunetara amari laguntzen dion figura; gaiak izugarri erakartzen nau.

------------------------------------------------------------

Lehendakaria banintz: "Ni nafarra naiz; beraz, ez nintzake lehendakari izango, Nafarroako Gobernuko presidente baizik. Bata zein bestea izan, ez nioke nere buruari barkatuko momentu honetan dugun aukera alferrik galtzea. Ez dakit zein punturaino dagoen euren eskuetan, baina uste dut badutela zer esana; dena emango nuke".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak