Euskal kutxek soberan gainditzen dituzte Zapateroren baldintzak

Leire Kortabarria 2011ko urtarrilaren 26a

Espainiako Gobernuak Hego Euskal Herriko eta Espainiako aurrezki-kutxak nazionalizatu egingo ditu, baldin eta ez badituzte gutxieneko exijentzia batzuk betetzen. Bada, Euskadiko aurrezki-kutxek baldintza guztiak betetzen dituzte. Ondoen kokatua Kutxa da: Zapaterok ipinitako gutxieneko muga %8an dago, eta Kutxak %12,3ko maila ematen du.

Portzentaia horiek erakundearen core capital delakoari dagozkie; hau da, erakundeak une jakin baten erabil dezakeen kapital portzentaia. Kutxaren kasuan, bere kapitalaren %12,3 erabili ahalko luke momentu honetan ustezko zor batzuei erantzuteko. Zapaterok gutxieneko %8ko core capital bat izatea eskatzen die aurrezki kutxei, saneatuta daudela kontsideratzeko. %12,3ko datu hori Fitch kalifikazio-agentziak eman du.

EAEko gainerako kutxak ere ondo kokatuta daude. Hala, Vital Kutxak 2010eko jardunaldia %11,6ko core capitalarekin itxiko du. BBK-k oraindik ez ditu bere emaitzak jakinarazi, baina adituek diote %9 eta %10 artean izango dela bere portzentajea.

Sektorea berregituratu

Bere 2011ko txostenean, Fitch agentziak Espainiako banku-sektorea "egonkor" dagoela esaten du, baina aurrezki kutxen sektorea berregituratzea gomendatzen du. Era berean, Kutxaren balorazioan, A- kalifikazioa ematen dio epe luzerako emisioetan. Fitch-ek Hego Euskal Herriko eta Espainiako banketxe eta aurrezki kutxen kalifikazioak etenbarik aldatzen ditu. Hiru faktore aipatzen ditu sektore horren egoera azaltzeko: krisi orokorra, sektorea higiezinen inbertsioetan sartuta egotea, eta Espainiako banka sektoreak nazioartean momentuan duen irudi txarra.

Beste kalifikazio-agentzia batek, Standard & Poor's-ek, kalifikazio zertxobait hobea eman zion Kutxari joan den ekaineko txostenean: 'A' kalifikazioa, lehendik zeukan 'A+' zertxobait jaitsita. Kutxak normaltzat jo zuen beherapen hori: "Denei gertatzen ari zaien zerbait da", esan zuten Kutxako arduradunek.

Estatua banketxeetan sartuko da

Espainiako Gobernuak epe bat zabaldu du Hego Euskal Herriko eta Espainiako aurrezki-kutxek euren kabuz kapital pribatua lor dezaten. Irailean horretarako kapaz izan ez diren aurrezki-kutxak banku bihurtzera behartuta egongo dira, Espainiako Estatua euren kapitalean sar dadin; praktikan, banku horien nazionalizazioa suposatuko du horrek. Kutxek lortu beharreko kapitala 20.000 milioikoa izan behar da, asko jota.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak