Sung Whan Kim: "Hego Korean ere badugu zer ikasi modelo kooperatibotik"

Edu Mendibil 2011ko urtarrilaren 26a

Hego Koreako KBS telebista kate publikorako kooperatibismoaren gaineko erreportaje lantzen dihardute Sung Whan Kimek (51 urte) eta haren hiru lankidek. Sung Whan Kimek 26 urte darama Espainian kazetari lanetan eta lehendik ere ezagutzen zuen Debagoiena, 1996an ere kooperatibismoa gertutik gertura ezagutzeko aukera izan zuen-eta.

Nolatan etorri zarete Hego Koreatik erreportaje hau egitera?
Krisi ekonomiko globalaren garai honetan eredu oso erakargarria iruditzen zaigu Arrasateko kooperatibena. Orain dela pare bat hilabete hasi ginen kooperatiben ezaugarriak aztertzen eta urtarrilaren 11n etorri ginen Euskal Herrira eta hamaika egun egin ditugu [zapatuan alde egitekoak ziren]. Besteak beste, Garaia Berrikuntza Gunean, Fagor Automotionen, Mondragon Unibertsitatean izan gara eta baita Mondragon Taldeko egoitza nagusian. Debagoienetik kanpo, berriz, Igorreko Batz automobilgintza enpresa bisitatu dugu eta Madrilen Eroskik daukan merkataritzagune bat ere bai.
Ideia zera da: kooperatibismoaren gaineko 60 minutuko erreportajea lantzea. Datorren otsailaren 13an emitituko da, 20:00etan, KBS kateko saio berezi baten. Uste dugu interesgarria gertatuko zaiela ikusleei zein ekonomia adituei, badugulako zer ikasi.

Zein egoeratan dago Hego Korea gaur?
Beste herrialde askotan bezala, langabeziak dezente egin du gora azken urteotan. Gaur egun %8 inguruan dago langabezia tasa eta orain dela hamar urte, 2001. urtean, ez zen %1era ere iritsiko... Automozio eta etxetresna enpresa garrantzitsuak ditugu: Hyundai, Samsung, Kia, Daewoo, LG... Ez daude egoera kritikoan, ez, baina gogor nabaritu dute krisia haiek ere eta lana ez dago batere egonkor langile askorendako.

Zein da zure ustez kooperatibismoaren ekarpen nagusia?
Oso eredu bitxia iruditzen zaigu eta orain arte ikusitakoaren arabera, solidaritatea, langileekiko errespetua eta gizatasuna azpimarratuko nituzke. Orain dela 15 urte ezagutu nituen kooperatibak lehen aldiz; orduan ere KBS telebista kateak bidali ninduen, Madrilen nengoela, 15 minutu inguruko erreportaje bat egitera. Orduan ere zera azpimarratu genuen, bagenuela zer ikasi koopetatiben eredutik. Bestalde, kooperatibismoa aztertzen zuen AEBetako egile baten liburua itzuli eta argitaratu zuten Hego Korean 1990eko hamarkadaren hasieran eta arrakasta dezente izan zuen. Jendeak kuriositatea azaldu zuen eta aditu askok interesa azaldu dute harrezkero hemengo modeloarengan.

Orain dela 15 urte lehen aldiz gure artean ibili zinenetik hona zein ezberdintasun topatu dituzu?
Ez pentsa aldaketa asko sumatu dudanik... Azken baten filosofia, ideia eta kontzeptuak ordukoak dira oraindik... Euskal Herrira etorri aurretik, esan bezala, datuak batzen, egoera aztertzen eta aldizkari espezializatuetan adituen artikuluak irakurtzen ibili ginen eta konklusio batera iritsi ginen; beste modelo batzuekin konparatuta, kooperatibena hobeto moldatu dela jasaten ari garen krisi egoerara. Herrialde garatuetan langabeziarena bihurtzen ari da arazo nagusietako bat eta horrek kezka handia sortu du langileriarengan, kaleratzeak edozein unetan etor daitezkeelako. Bestalde, soldatetan ere alde ikaragarriak egoten dira sektore eta lanpostu ezberdinen arabera eta diferentzia horiek agian ez dira hain nabariak kooperatibetan. Sakon-sakonean ez dut eguneroko egoera ezagutzen baina susmoa daukat beste egonkortasun bat, oinarri sendoa dagoela kooperatiben oinarrian.

Eta nola ikusten duzu etorkizuna?
Alternatibak topatu behar dira eta kooperatibena izan daiteke horietako bat. Ikerkuntza eta garapena funtsezkoak dira aurrera egiteko eta enpresek horretara bideratu behar dituzte indarrak eta inbertsioak. Ez da arriskatzeko momentua, baina bai, etxetresnen kasuan esaterako, produktu sendoak eta iraupen luzekoak prezio interesgarrian egiteko. Kooperatiban esperientzian ikusi dudanez, beti izan dira gauza momentu zailak, kritikoak gainditzeko eta hori garantia bat da etorkizunera begira, zalantzarik ez.

Hego Korean, hezkuntza sistema munduko eraginkorrena ei da, ala?
Bai, baina zorrotzegia da. Ikasleak ez dira zoriontsuak ez daukatelako aisialdirako denborarik ere.

Bukatzeko, ondo ibili zarete Euskal Herrian?
Bai, lanerako ez ezik, aisialdirako tartea ere izan dugu eta Donostiako danborrada ezagutzeko aukera ere izan genuen. Primerako giroa zegoen... Ederto ibili gara bai eta jendeak primeran hartu gaitu; oso jende atseginarekin egin dugu topo.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak