Little Little Much: "Proiektu pertsonala da; dibertitzea da helburua"

Maider Arregi 2011ko urtarrilaren 26a

2005ean jaio zen Mallorcan Little Little Much proiektua. Give me a little lan berriarekin musika eszenari ikuspegi ezberdina ematera datoz. Taldea, Ibanek (bateria), Jonek (baxua) eta Txarlik (gitarra) osatzen dute. Eurekin izan gara taldearen itzuleraren gainean berba egiteko:

Lagun artean sortutako proiektua, sendotzen joan da denborarekin.
Mallorcan taberna batean sortu zen proiektua. Jon’s tabern izeneko taberna irlandarrean. Inork ez genekien ganoraz ingelesa. Txantxa giroan "my inglish is bad, but little little much" bota genion zerbitzariari eta barrezka, halaxe sortu zen taldea.
Danbakak zer eman dizue?
Oso esperientzia polita izan zen. Toki aparta jotzeko, soinu mahai eta guzti! Ez genuen inoiz areto batean jotzeko aukerarik izan.
2008an, bost abesti grabatu zenituzten, kontaiguzue.
DJ Kirrinekin grabatu genuen eta hasiera batean instrumentala izan behar ziren lanei ahotsak sartu genizkien. Pixkanaka baxua, bateria, gitarrak sartzen joan ginen. Kolaborazio bereziak izan genituen ahotsetan: Arkaitz (Anger); Aner (Brutal Melody); Julen (Ozen); Ekaitz (Lau).
Give me a little lan berrian abesti horiek ere jaso dituzue?
Lan berrian, abesti zaharrak eta berriak sartu ditugu. Oso sentiberak gara eta garai onak gogoratu nahi izaten ditugu!
Nolako lana da?
Lan azkarra eta zuzena da. 25 minutu irauten duten 11 abesti. Metala eta rockaz gain, pop ukituak ere sartu ditugu. Brutaleko Anerrek Pintxe puto abestian lagundu digu eta Cerve lagunak, koroak egin dizkigu.
Abestiak entzunda disfrutatzea gustatzen zaizuela igartzen da.
Bai, ondo pasatzeko asmoz egindako lana da. Gustatzen zaionari ondo eta bestela ba aurrera! Guk disfrutatzeko helburuaz egindako proiektua da.
Orokorrean, nola hartu du jendeak lan berria?
Denetarik esan digute, kar kar. Batzuei gustatu zaie, beste batzuei ez. Jendeak nabarmendu duena izan da abestitik abestira dagoen aldaketa hori. Oso ezberdinak direla eta gustura hartzen direla aldaketa horiek ere esan digute. Proiektu ezberdina da eta little ukitua dauka %100!
Azala guztiz originala da!
Geure ekoizpena da. Azala geuk diseinatu dugu eta oihalezko eskulan edo artelan pertsonalizatuak dira; gainera, zikindu ezkero garbitu daitezke!
Non grabatu duzue?
Uztailean, bi astetan grabatu genituen abestiak gure lokalean. Angerreko Beñatok eta Numeneko Osinagak lagundu digute nahasketa lanekin.
Doan dago diskoa sarean.
Streetkatu webgunean jarri dugu diskoa doan jaisteko. Bideoklipa egiten dugunean ere bertan jarriko dugu. Ideia hor daukagu baina aurrerago grabatuko dugu.
Noiz ikusiko dugu little berriro zuzenean? Zaleak zain daude.
Laster! Txarli Kanariar uharteetan bizi da, baina, datorrenerako Arrasaten lotu nahi dugu lehen kontzertua. Ondoren, gu joango gara kanarietara.

Zikinak, dibertigarriak eta oso freskoak

Hainbat urte pasa dira arrasatear hauek Danbakan ezagutu genituenetik, eta orain disko luzea kaleratu dute. 90eko hamarkadako semeak direla ez dago zalantzarik: rock zikina oso gustuko dute, distortsio eta anabasak lagunduta, grunge deritzon hartako Tad eta Mudhoney gogorarazi didana. Horrez gain, metala oso presente dute ADNan eta hori erritmo pisutsu eta gogorretan antzematen da. Baina oso musikazaleak direnez, esponja hutsak dira eta (Gelmako desertuko) stonerraren eta post-hardcorearen ukituak ere antzeman daitezke.
Euskaraz eta batez ere (Mallorkan ikasitako) ingelesez abesten dute eta umorea barra-barra dute. Sorpresa ederra!

Iker Barandiaran

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak