"Herrixka honetan ez dago birendako lekurik"

Arritxu Barruso 2011ko urtarrilaren 25a

Agurainera Far Westean girotutako jaialdi batera joan eta western bateko protagonistetako bat izaten amaitu; horixe izan zen Aretxabaletako Maite Marcosi gertatu zitzaiona.

Umetatik bere ametsa aktore izatea dela jakinda, ez dago batere gaizki: "Bikotekidearekin eta lagun batzuekin joan ginen festa horretara. Jostuna naiz, eta arropa bereziak egin nituen. Jendea aho zabalik geratu zen nire soinekoarekin eta denek argazkiak atera nahi zituzten nirekin. Pertsonaia famatu bat nintzela zirudien. Horrelako baten, gizonezko bat gerturatu zitzaidan eta galdetu zidan: 'Nire filmean parte hartu nahi duzu?'. Pentsa, inolako froga edo casting-ik egin barik nire ametsa egia bihurtu zen momentu hartan", kontatu digu Maite Marcosek.

'Algo más que morir'
Arabako Kuartango herrira buelta asko eman ditu Marcosek azken bi urteotan; izan ere, bertan grabatu da Jose Luis Murgak eta Oier Martinezek zuzendutako Algo más que morir filma: "Sekulako lana egin dute, herrixka oso bat eraiki dute Kuartangon, eta bertan egiten genituen kanpoko eszenak".

Aktore lanak egiteaz gain, jostun ere ibili da aretxabaletarra: "Nire jantzi guztiak neuk egin ditut, eta baita filmean parte hartu duten beste batzuen arropak ere. Izan ere, nirekin batera Aretxabaletako beste lagun talde batek ere hartu du parte grabazioan".

Txikitako ametsa egia bihurtuta
Maite Marcosendako bizitzako esperientzia politena izan da: "Aktore lanak egin ditudan lehenengo aldia izan da eta ikaragarri gustatu zait. Beti esan izan dut Chica Almodovar izan nahi nuela; beraz, pentsa zer den niretako horrelako aukera bat izatea", dio barrezka.

Grabazioak azaroan amaitu ziren, baina Marcosek interpretazio munduarekin harremanetan jarraitu nahi du: "Oso esperientzia ederra izan da eta antzezten jarraitu nahi dut. Emakume Txokoak antolatutako ikastaroetan ibili naiz eta orain ere beste ikastaro baten eman dut izena".

Eta grabazioak bukatuta, orain zer? Orain postprodukzio lanetan dabiltza: "Pozik gaude, produkzio-etxe batek interesa azaldu duelako. Ikusiko dugu". Ea, bada, laster ikusi ahal dugun Maite Marcos pantaila handian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak