"Euskarak bat egingo du behin betikoz askatasunarekin", dio Lopezek, "bortizkeriaren bukaerarekin". Euskararen Aholku Batzorde berriak atzo egin zuen lehen bilera Leioako Artatza jauregian. Talde horretan kide berri moduan daude, besteak beste, hainbesteko zalaparta eragin duen Jon Juaristi, Aizpea Goenaga edota Joseba Arregi, izen esanguratsuenen artean. Patxi Lopezentzat "euskara neurri positiboen bidez bultzatu behar da, eta inposizio mota guztiak baztertu". Hark eta Blanca Urgell Sailburuak egin zuten atzoko aurkezpena, zeinarentzat "euskaraz dakitenek euskara gehiago erabiltzea lortu eta, ahal den neurrian, erabiltzaileen kopurua euskaldunen kopurura hurbiltzea lortu behar" baiten. Krisi garaian egonagatik ere, euskararentzako diru-laguntzei eusteko "alimaleko ahalegina" egiten dabiltzala adierazi zuen Urgellek.
Jaurlaritzak euskararen munduan erreferentetzat jotzen dituen 40 pertsonak osatzen dute batzordea eta talde berria aurkezteaz gain, aurrerantzeko ekimenak ere azaldu zituen atzo Lopezek, lehenik eta behin, V. Inkesta Soziolinguistikoarekin hasiko direlarik (ikus 2006ko inkesta). "Lurralde guztien arteko elkarlana" ere aitatu zuen Lopezek; hala, datorren astean Baionan izango da Kultura Sailburua eta Nafarroako agintariei ere zuzendu zitzaien Patxi Lopez "aspaldiko beldur eta gaizki ulertzeak bazter" uzteko.
Erreakzioak
Dagoeneko Iñigo Urkulluk eskatu dio zuzenketa Patxin Lopezi euskara eta indarkeria lotu izangatik. Onda Vasca irratian gaur goizean egin dioten elkarrizketan, EAJko presidenteak "esan zuena esan nahi ez bazuen" atzera egiteko eskatu dio Lopezi.
Atzo bertan, Aralarrek esan zuen "Euskara ETArekin lotu izana deitoragarria" dela eta "agerian utzi" duela lehendakariak "euskararen inguruan duen ezjakintasuna".