Bi egun t'erdi ipar haizearekin eta gainerakoak hegoarekin
Bi gradu zero azpitik zapatu goizean Arantzazun, eta elur hautsa. Giro hotz eta lehor hori bera izango ditugu egunotan –aste erdira arte– eta eguazten arratsalde-eguenean prezipitazioak helduko dira: sei eta zortzi gradu arteko tenperaturekin, euria egingo du kostaldean zein barnealdean, eta elurra mendian. "Metro koadroko 5-10 litro ur botatzen baditu, elur geruza izango da gainetan", azaldu digu Pello Zabala eguraldi adituak; eta gero, atzera ere, epeltzera egingo duela gaineratu du.
Gora-behera handiko negua
Neguan sartu ginenetik, iazko abendu erdi ingurutik, ziklo bera errepikatu da astero: bi egun t'erdi iparrarekin eta gainerakoak hegoarekin, tenporek iragarri moduan. "Negu honetan zuzen-zuzen ari da betetzen tenporek esandakoa", dio Arantzazukoak.
Gora-behera horiek eragina dute pertsonengan; bereziki, adinekoengan. Galdera egitera kalera aterata, batzuk nahiago dute giro epela, nahiz eta negua izan; beste batzuk, aldiz, nahiago dute hotza egitea, hori delako garai honetan tokatzen dena. Batzuk eta besteak bat datoz, ordea, hain epe motzean termometroa mutur batetik bestera joatea ez dela ona esaterako orduan. Hala erakusten du gripe epidemiak; eta zapatu goizean Arrasateko kaleetan harrapatu dugun bat baino gehiagok ere aitortu du, gripeak jota, egin duela egonalditxoa ohean.
Martxorako, euria
Otsail bukaerarako –25-26 ingururako– euria espero du Pello Zabalak. Arantzazukoak esandakoa betetzen bada, hilabete pasatxo barru, orain arteko dinamika apurtu eta aurtengo neguak lehorra izateari utziko dio.