Mikel Intsausti: "Erabilitako olioa batzeko sistema berritzailea, iraunkorra eta erosoa da"

Eneko Azkarate Laspiur 2011ko urtarrilaren 23a

Etxean erabilitako landare-olioa batzeko Debagoienean abiatu den ekimenean zuzen-zuzenean hartu du parte Kutxa Fundazioak. Iraunkortasuneko zuzendari Mikel Intsausti hernaniarrarekin jardun dugu horren inguruan.

Etxean erabilitako landare-olioa batzeko 32 edukiontzi jarri dituzte Debagoieneko herri guztietan. Kutxa Fundazioak zuzen-zuzenean hartu du parte egitasmo horretan, ezta?
Bai. Arrasaten jarri zuten lehenengo, eskualde osoan orain, eta  gustatuko litzaiguke Gipuzkoa osora zabaltzea. Debagoieneko Mankomunitateak erabakia hartu zuenean sistema bailara osora zabaltzeko, Kutxak laguntzeko prestutasuna agertu zuen. Sistema berritzailea da, iraunkorra eta, batez ere, jendearendako erosoa. Olio-potea etxean erabilitako landare-olioarekin bete, edukiontzian sartu eta pote hutsa eraman dezakezu etxera berriro ere olioz betetzeko.

Ezagutzen zenuten sistema?
Bai; duela bospasei urte, Bilboko azoka baten, Eko3 enpresaren berri izan genuen. Mondragon Unibertsitateko ikasleak ziren. Eta han ikusi genuen diseinatu zuten lehenengo edukiontzi prototipoa. Geroztik, edukiontziaren garapena ezagutu izan dut, mekanizatua eta digitalizatua dago, Internet bidez bidaltzen du informazioa betetzen doanean… Aspaldi ezagutzen dugu ekimena eta oso ona iruditzen zaigu.

Zelan lagundu du Kutxak proiektua?
Horrelako egitasmoak, hastapenetan, garestiak izaten dira. Eta bultzada behar izaten dute. Kutxak diruz lagundu du enpresak eskainitako zerbitzua merkatzeko. Babestu dugu poteen banaketa. Debagoieneko familiako hiruzpalau euro eman ditugu; guztira, 252.000 euro. Horrek lagundu du proiektua abiarazten eta Mankomunitateak jarri beharreko kopurua murrizten.

Aitzindaria da Debagoienean ezarri den sistema hori?
Esperientzia puntualak badaude, Gasteizen, Iruñean ere aztertze ari dira, baina Gipuzkoan aitzindari izan zarete Debagoienean. Espero dugu 2011n beste toki batzuetan ere abian jartzea sistema, eta, horretarako, diru partida bat gorde dugu.

Udalei ze kostatzen zaie?
Batez beste, biztanle bakoitzeko euro bat urtean: edukiontziak, zerbitzua, olioaren tratamendua…

Oso kutsakorra da etxean erabilitako landare-olioa?
Bai. Erabilitako litro olioko 10.000 litro ur kutsa daiteke. Bioaniztasunean izan dezakeen inpaktua handia da, ze ur hori itsasora baitoa. Egia da araztegiak-eta badaudela, baina hor ere kostu ekonomiko handia behar da, inbertsio handia, erabilitako olio hori arazte plantako zirkuitutik kentzeko. Hortaz, sistema lurralde osora zabalduko balitz, araztegietara joango liratekeen ur zikinak askoz ere garbiagoak iritsiko lirateke, etxean erabilitako landare-olio askoz ere gutxiagorekin.

Kutxa Fundazioak ze aurrekontu du urtean ingurumenarendako?
Kutxaren Gizarte Ekintzaren aurrekontua Kutxako emaitzen araberakoa izaten da. Irabazien heren bat gizarte proiektuetarako izaten da. 2010ean, esaterako, 45 milioi euro bideratu dira Gizarte Ekintzara, eta, horietatik, 4 milioi euro ingurumen proiektuetara. 2011tik aurrera Gizarte ekintzan ziklo bat itxi da Onkologikoaren irekiarekin. Orain arte, inbertsioen zati handi bat xurgatu du Onkologikoak. 60 milioitik gorako inbertsioa izan da, baina hori amaitu da eta datozen urteotarako, Kutxan lan ildo estrategiko moduan natura, ingurumen, iraunkortasun eta horrelakoekin zerikusia duten ekimenak bultzatuko dira. Datorren urtean, esaterako, baliabideak bikoiztu egingo ditugu.

Hainbat proiektu dauzka martxan Kutxa Fundazioko Iraunkortasuneko Departamentuak. Batzuk aipatuko ditugu, banan-banan: Gazte Ekoliderrak da horietako bat. Zer da?
19 eta 29 urteko gazteei zuzendutako programa da. Gipuzkoan, bost urteko epean, 150 gazte ekintzailerekin sarea sortu nahi dugu. Ingurumen proiektuen alde gogoz ekiteko prest dagoen gazte jendea. Hiru fase ditu: Trebatu, Ekin eta Izan. 6 hilabeteko epean, tailerrak, mintegiak, berbaldiak e.a. izaten dituzte. Gazte ekintzaile horien artean eskualde ezberdinetan sareak sortzea da asmoa.

Etorkizun handia dauka iraunkortasunarekin zerikusia duen guztiak.
Bai. Azken 15 urteotan jendartea jabetu egin da arazoaz, erritmo honekin jarraituz gero, jai daukagula. Datu bat: munduko biztanle guztiek Gipuzkoan kontsumitzen dugun adina kontsumituko balute, bi planeta beharko genituzke. Ez da eroangarria; kontua da txinatarrak, indiarrak, brasildarrak ari direla kontsumo portaerak aldatzen eta gure mailara heltzen: haragi gehiago jaten, autoa gehiago erabiltzen… Baina baliabideak mugatuak dira.

Auto elektrikoak herritarren artean alokatzeko ekimen aitzindaria abian jarri dute oraingo astean Ataunen eta hor ere parte hartu du Kutxak, ezta?
Bai; Europan ekimen aitzindaria da Sarecar egitasmoa. Auto elektrikoak egon badaude, baina Ataungo egitasmoak badauzka ezaugarri bereziak. Auto elektrikoak izateaz gain, errentan hartzeko sistema jarri da abian eta oso prezio merkean, gainera: lehenengo bi orduak, bi euro orduko. Lortu nahi da familiek uko egitea bigarren autoa erosteari eta errentan erabil  ditzatela auto elektriko hauek. Beste ezaugarri garrantzitsu bat da autoak kargatzeko erabiltzen den energia berdea dela. Plaka fotovoltaikoak jarri dira eta hornitzen den energia ere jatorri berdekoa da.

Zabalegi Ekogunea da beste proiektu bat, datorren urtean argia ikusiko duena…
Kutxaren proiektu nabarmen eta garrantzitsuena da hurrengo urteetarako, behin Onkologikoa amaituta. Donostian kokatuko da eta ingurumenaren parke tematikoa izango da, non hiritarrek, enpresek eta udalek posible izango duten, proiektuak abian jarri nahi badituzte, aholkularitza, trebakuntza, informazioa eta finantzazio berdea jasotzea. 50 hektareako parke ireki bat izango da, sarrera doan izango duena. Jorratuko ditu energia berriztagarriak, eraginkortasun energetikoa… Bizikleta eta motor elektrikoak ere erabili ahal izango dira, baratze ekologikoa, konposta, ura arazteko sistema naturalak erabiliko dira… Astean barrena helburu pedagogikoa izango du eskolako neska-mutikoendako eta asteburuan, gehienbat, alde ludikoa familia osoarendako.

Ze fasetan dago proiektua?
Obrak duela aste bi hasi dira. Lur mugimenduekin-eta hasiak gara. 2013rako parkea erabat amaituta eta zabalik izango da, baina nahiko genuke datorren urtean eremu bat irekitzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak