"Castro Urdialesen (Kantabria) supermerkatu bat ireki eta gero, Valentziako Mercadona katea lursail bila dabil Nafarro hegoaldean eta Bilbo Handian", esaten du Moralek Cybereuskadi blogean.
Jendartean badago horren aldeko iritzia, egileak dioenez: "Badago Facebook-en 2.000 bat kide dituen talde bat, eta blog bat, eskatzen enpresa honi dendak ireki ditzan Euskadin, euren produktuen eta prezioen fan asko daude-eta hemen. Aurten ere, Mercadona kostu txikienen sailkapenetako burua da".
Segidan, egileak aztertzen ditu Mercadonak Hego Euskal Herrian dendarik ez izatearen ustezko arrazoiak. "Interneten denetarik" irakur daitekeela esaten du, "normalean politikaren edo Eroskiren ustezko boikot baten" inguruan. "Nire iritziz, ez batak ez besteak ez du zentzurik", esaten du, gogoraraziz Euskadiko Konpetentziaren Aldeko Auzitegiko presidente ohiak orain dela bi urte eskatu ziola Mercadonari dendak ireki zitzan Euskadin. "Hori baino gehiago, ematen du merkatu-estrategia eta eragileek elkarri lehia ez egiteko egin dituzten akordio sekretuen nahasketa bat dela", esaten du.
Gogorarazten du Espainiako banaketa enpresa askok EAE uzten dutela "zabaltzeko azken merkatu" gisa, "merkatu zailena" delako, eta honako arrazoiak ematen ditu: bi hizkuntza erabili behar izatea; lursailak erosteko, alokairurako edo soldatetarako, oso garestia delako; oso arautua dagoelako; "gaizki ikusia" dagoelako domeka eta jaiegunetan irekitzea; eta merkatua oso betea dagoelako eta "zaila" delako "etekinak sortzea".
Testu osoa hemen irakur daiteke (gaztelaniaz): cybereuskadi.com