Esku-orri banaketen ondoren, orain akordioaren berri gizarte eragileei ematen ari dira hainbat herritan. Bergaran, adibidez, atzo egin zuten ekitaldia, eta Arrasaten datorren astean egingo dute. Akordioaren edukiaren berri gizarte eragileei emateko asmo horretan Bergarako hezkuntza, kirol eta kultura arloko hainbatekin bildu ziren atzo arratsaldean Gernikako sinatzaileak. Azalpenak eman ostean eragileen atxikimendua jaso zuten, eta sinadura eman zutenek konpromisoa hartu zuten akordioaren edukia bakoitzak bere esparruan zabaltzeko. Akordioak indarkeriarik gabeko eta egoera politiko normalizatu baterako pausuak egiteko eskatzen die ETAri eta gobernuei, elkarrizketa eta negoziazio garai bat irekitzeko gero, “Mitchell” printzipioetan oinarrituta, besteak beste.
Oraingoz, baina, alde bakarretik ikusten dituzte urrats baikorrak. ETAren su-eten iragarpenari Estatuak atxiloketekin erantzun diola diote. Gernikako sinatzaileek dei egin diete herritarrei gaurko herrietan –19:30, Arrasateko plazan eta Oñatiko Bidaurretan– eta zapaturako Iruñean antolatu dituzten protesta ekitaldietan parte hartzera. Martitzen goizaldeko atxiloketen ostean, atzeratu egin dute Donostian egitekoa zuten ekitaldi nazionala, eta honen ordez atxiloketak salatzeko manifestazioa deitu dute; Iruñean izango da, esan bezala, arratsaldeko 17:30ean Golem zinemetatik abiatuta, eta Debagoienetik aterako dira autobusak bertara joateko.