2003ko apirilean egin zuten Udabiltzaren aurkako polizia operazioa, Espainiako Auzitegi Nazionalak aginduta; joan den uztailaren 15ean ekin zioten epaiketari; eta urriaren 26an amaitu zen, auzipetuek azken hitza hartuta.
21 auzipetu zeuden Udalbiltza auzian. Fiskalak 20rentzat hamarna urteko kartzela zigorra eskatu zuen -Xabier Alegriarentzat ez zuen zigorrik galdegin-, ETArekin harremana izan zutelakoan; Dignidad y Justicia herri akusazioak 21 auzipetuentzako 14 eta 23 urte arteko espetxea eskatu zuen; Defentsak, absoluzioa. Javier Gomez Bermudez izan da epaimahaiburua –Egunkaria-ko itxiera kasuko epaiketan bezala– eta, kasu hartan bezala, honetan ere absoluzioa eman du.
Udalbiltza ETArekin lotuko lukeen frogarik ez zuten aurkeztu akusazioek epaiketan zehar. Auzipetuek esan zuten Udalbiltzako erabakiak ez zituela ETAk hartzen eta Euskal Herriko udal erakundearen jarduera politikoa, demokratikoa eta jendaurrekoa izan zela. Defentsako lekukoek berretsi egin zuten auzipetuen azalpena.
Operazioa izan zenetik auzipetuek euskal gizarteko sektore zabalen babesa jaso zuten, hainbat erako ekintza eta mobilizazioen bidez.
"Lasai, harro, pozik, eta etorkizun hobe bati begira" daude absolbituak
Auzipetu guztiak absolbitzen dituen epaia eskuan dutela, auzipetuak "lasai, harro, pozik eta etorkizun hobe bati begira" daudela adierazi du Maribi Ugarteburu Udalbiltzako hautetsi eta Amorotoko alkate ohiak. Udalbiltza "bakea eta demokrazia erdiesteko tresna egokia eta zilegia" zela eta dela berretsi du.
Udalbiltzaren jarduna "kritikagarria" izan daitekeela esan du Ugarteburuk, baina bere ustez, epaiak argi utzi du ez dela zigorgarria. Horregatik, "Udalbiltzarekin ados egon ala ez", ekimena zilegi zela errepikatu du.
Sententziak auzipetuei absoluzioa ekarri, eta bide batez, poza eragin badie ere, Ugarteburuk auziak iraun dituen urteak oroitu ditu: "Duela zortzi urte, aste honetan atxilotu dituztenak bezain terroristak ginen. Orain, errugabetasun presuntzioak irabazi egin du", esan du. Auzipetuei jarritako "trabak" eta zailtasunak ekarri ditu gogora, eta ohartarazi du epaiak ez duela ezer esaten kalteordainen inguruan.
Irakurketa positibo batekin amaitu nahi izan du agerraldia Ugarteburuk: etorkizunean, Udalbiltza tresna bideragarria izan daitekeela uste du, sententziak bidea irekitzen baitio Euskal Herrian erakunde nazionalak sustatzeko aukerari.
Iturria: Berria.info
Auzipetuen zerrenda eta zigor eskaerak
Loren Arkotxa:
Fiskalak: 10 urteko kartzela zigor eskaera (lehen eskaera, 15 urtekoa). Dignidad y Justicia herri akusazioak: 23koa.
Udalbiltzako lehendakaria eta Ondarroako alkate ohia.
Xabier Iragorri:
Fiskalak: 10 urte (lehen eskaera, 15 urtekoa). Dignidad y Justiciak: 22. Oiartzungo alkate ohia.
Joseba Garmendia:
Fiskalak: 10 urte (lehen eskaera, 15 urtekoa). Dignidad y Justiciak: 22. Urretxuko zinegotzi ohia.
Xabier Alegria:
Fiskalak: epaiketaren azkenaurreko egunean, ez du haren kontrako zigorrik eskatu. Dignidad y Justiciak: 22.
Lezoko zinegotzi ohia. Kartzelan dago, 18/98 auziko zigorragatik.
Juan Carlos Alduntzin:
Fiskalak: 10 urte. Dignidad y Justiciak: 14.
Pasaiako alkate ohia.
Maribi Ugarteburu:
Fiskalak: 10 urte. Dignidad y Justiciak: 14.
Amorotoko alkate ohia.
Lander Etxebarria:
Fiskalak: 10 urte. Dignidad y Justiciak: 14.
Bilboko zinegotzi ohia.
Ibon Arbulu:
Fiskalak: 10 urte. Dignidad y Justiciak: 14.
Bilboko zinegotzi ohia.
Expe Iriarte:
Fiskalak: 10 urte. Dignidad y Justiciak: 14.
Iruñeko zinegotzi ohia.
Eider Casanova:
Fiskalak: 10 urte. Dignidad y Justiciak: 14.
Barakaldoko zinegotzi ohia.
Xarlo Etxezaharreta:
Fiskalak: 10 urte. Dignidad y Justiciak: 14.
Hazparneko zinegotzi ohia.
Imanol Esnaola:
Fiskalak: 10 urte. Dignidad y Justiciak: 14.
Lezoko zinegotzi ohia.
Larraitz Sanzberro:
Fiskalak: 10 urte. Dignidad y Justiciak: 14.
Oiartzungo zinegotzi ohia.
Karmele Urbistondo:
Fiskalak: 10 urte. Dignidad y Justiciak: 14.
Urnietako zinegotzi ohia.
Miren Josu Aranburu:
Fiskalak: 10 urte. Dignidad y Justiciak: 14.
Urretxuko zinegotzi ohia.
Urko Irastorza:
Fiskalak: 10 urte. Dignidad y Justiciak: 14.
Lazkaoko zinegotzi ohia.
Miren Odriozola:
Fiskalak: 10 urte. Dignidad y Justiciak: 15.
Azpeitiko zinegotzi ohia.
Oscar Goñi:
Fiskalak: 10 urte. Dignidad y Justiciak: 14.
Berako zinegotzi ohia.
Txema Jurado:
Fiskalak: 10 urte. Dignidad y Justiciak: 14.
Atarrabiako zinegotzi ohia.
Jasone Astibia:
Fiskalak: 10 urte. Dignidad y Justiciak: 14.
Zubietako zinegotzi ohia.
Leire Idoiaga:
Fiskalak: 10 urte. Dignidad y Justiciak: 14.
Udalbiltzako langile ohia.
Miriam Campos:
Epaiketa hasi eta berehala auzitik kanpo utzi du epaimahaiak, ez du epaituko, 18/98 auzian epaitu eta zigortu egin zutelako akusazio beragatik -ETAko kide izatea-. Fiskalak eskaera horixe egin du aurretik -lehen 10 urteko kartzela eskatzen zuen-, eta Dignidad y Justicia ados azaldu da -14 urteko eskaera zuen egina-.
Udalbiltzako langilea izan zen Campos, eta egun kartzelan dago 18/98 auziko zigorragatik.