1. Asko aldatu da zuen soinua azken urteotan. Zer gertatu da?
Etengabeko garapenaren ondorioa da, bizitzak aurrera egiten duela ikusten da. Musika asko entzuten dugu eta gorputzak une bakoitzean zerbait desberdina eskatzen digu.
2. 13 urte bete ditu taldeak kide berberekin.
Taldea lagunak mantentzea bezala da. Bizitzak eraman gaituen momentu ezberdinetara moldatu da taldea.
3. Sarri esan izan da Euskal Herriko ahotsik politenetakoa duzula.
Ni saiatzen naiz neure ahotsa izaten. Gauza natural bat da eta hautsiz gero ez da gitarra bezala, soka alda diezaiokezula. Gainera, asko zigortzen dut, irakasle izateaz gain erretzaile ere banaiz-eta. Nahiko histeriko jartzen naiz ahotsarekin, asko zaintzen dut, oso urduri jartzen naiz.
4. Musika irakaslea izanda, ipiniko diezu ikasleei Zea Maysen musika, ez?.
Ez. Ez dut uste gure musika eskola batentzako denik. Hala ere, enteratzen dira eta komentatzen didate Youtuben-eta entzun dituztela gure abestiak.
5. Zein da disko berria entzuteko "era"?
Zabaltasunez eta ahal den bolumen handienarekin. Disko entzungarri eta dantzagarria da. Baina bakoitzak jakingo du zelan.
6. Zeuk ere hala entzuten duzu musika.
Bolumen betean, bai. Etxean berandu bada ezin duzu entzun, baina autoan, adibidez, topera. Musikak daukan onena da zure beharrizanetara moldatzen dela eta zure egoeraren arabera aukera oso zabala dela.
7. Zuzenean bertsio asko egiteko ohitura duzue. Zein da faboritoa?
Bertsio bakoitzak bere momentua izan du. Gogoan dut Soulwax taldearen bat, guk oso gustura jotzen genuena, baina jendeak ezagutzen ez zuelako jotzeari utzi geniona, hotz geratzen zen-eta.
8. Abesti eskaera asko izaten dituzue zuzenean?
Batzuetan, aspaldiko abesti bat eskatzen dizute eta ez da posible, guri oso urrun geratzen zaigu-eta. Nik, adibidez, lehenengoko diskoko Gauak 1 abestia ezin dut, arrazoi pertsonalengatik.
9. Aurreko urtea amaitu berri dugu. Zeintzuk izan ziren zure disko eta zuzeneko faboritoak?
Burura datorkit Split77, oso ondo dago disko berria eta baita Ama Sayrena ere. Kontzertuetan BBK Live aipatuko nuke eta bertan Pearl Jam eta Faith No More.
10. Kontzertuetan ematen du leher eginda amaitzen duzuela.
Nik oso nekatuta amaitzen dut: gauzak batu, lekura joan, muntatu, kontzertua, gero jaso, furgoneta... Gehi kontzertua.
------------------------------------------------
Lehendakaria banintz...: "Ez nintzateke inola ere lehendakari izango. Ze esango dizut ba! Mundura bakea ekartzen saiatuko nintzela? Ez dut erabaki orokorrak hartzeko balio. Ez dut nire burua inola ere lehendakari moduan ikusten eta burura datozkidanak ere ez nituzke esango".