Mendi-ibilietan eta naturan oinarrituko da Debagoieneko eskaintza Fiturren

Ubane Madera 2011ko urtarrilaren 19a

Gaurtik (eguaztena) domekara arte zabalik izango ditu ateak Madrilen FITUR turismo azokak. Eta hantxe, Euskadiko standean izango du bere txokoa Debagoienak, inguruko hainbat ordezkariren eskutik. “Oraingoan mendi-ibilien gaineko eskaintza nabarmenduko dugu”, adierazi du Ana Herizek, Debagoieneko Mankomunitateko turismo teknikariak.

Izan ere, Euskadiko stand-ean, Berde eta Naturala izenburupean aurkeztuko dute Gipuzkoa barnealdeko eskaintza, eta hortxe aurkituko dute bisitariek Debagoieneko informazioa: “Inaziotar Lurraldea, ibilbide kulturalak, naturalak eta mendi-ibiliak”, Ana Herizen, Debagoieneko Mankomunitateko turismo teknikariaren esanetan.

Mendia, kultura eta gastronomia

Gaineratu du, aurten batez ere, mendi-ibilietan eta naturan oinarrituko dela Debagoieneko eskaintza, “modan dago, eta jendeak ondo hartzen du. Laguntzen du Debagoiena Berdea eta Naturala izeneko eskaintzaren barruan egoteak, izan ere, hona mendi-ibiliak egitera datorrena kultura ekimenak egiteko ere aprobetxatzen du, eta gastronomiarengatik ere gero eta gehiago galdetzen dute”.

Trukerako azoka

Mankomunitateko ordezkaritzaz gainera, gure eskualdeko bestelako ordezkariek ere parte hartuko dute Fiturren, Oñatiko turismo bulegokoek, adibidez. “Bisitari moduan-edo joango gara, beste profesional batzuekin egoteko: Vallde'Uixo (Castellon) kobazuloetakoekin, Zugarramurdikoekin (Nafarroa), Huelvako Cueva de las Maravillas-eko kideekin…mendi-ibilien gaineko informazioa ere eramango dugu… Azken batean, azoka guztiak moduan, Fitur elkargune bat da, proiektu berriak, kolaborazioak, informazioa… trukatzeko”, adierazi du Ikerne Altubek, Oñatiko turismo bulegoko arduradunak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak