Zorionak, Aitor! Final borrokatua izan zen?
Partidu parekatua izan zen finala. Ez nuen oso partidu onik egin, baina ondo atera zitzaidan. Hasieran 6-6 joan ginen. Gero, Beitia aurreratu zen 13-7; baina falta bat egin zuen eta 14-14 berdindu genuen. 18raino berdinduta joan ginen eta gero nik hartu nuen aurre. Ez nuen partidu onik egin, lau pasa egin nituen eta beste hiru pilota kanpora bota nituen; baina behin partidua irabazita gustura geratu nintzen.
Espero zenuen txapela etxera ekartzea?
Aurkariak pilotari garrantzitsu bat kanpoan utzi zuen, Yoldi; hortaz, banekien partidu zaila izango zela. Guztia ez eman arren, irabazi egin nuen. Bigarren aldia da lau t'erdikoa irabazten dudana. Orain dela hiru urte irabazi nuen Urtasunen aurka eta iaz finala galdu nuen Jaunarenaren aurka.
Elgetan ere irabazi zenuen lau t'erdikoa. Gustuko duzun neurria da?
Bai, ondo moldatzen naiz lau t'erdi barruan.
Zure ezaugarrietara ondo moldatzen den neurria da.
Kantxa osoan indar handiagoa behar duzu eta lau t'erdian teknikoagoa da. Leku txikiagoa denez, nire ezaugarrietara ondo moldatzen da.
Nola baloratuko zenuke egin duzun denboraldia?
Gustura nago egin dudan denboraldiarekin. Txapelketa asko jokatu ditut; batzuk irabazi egin ditut eta beste batzuk ez. Urte ona izan da eta, gainera, eskuek ondo erantzun didate. Lau t'erdiko txapelaz gain, Gipuzkoako txapelketa irabaztea ere garrantzitsua izan da. Gainera, Zaldibarko finala jokatu genuen Urtezahar egunean.
Entrenamenduak partiduen arabera egiten dituzu.
Lehen, prestatzaile fisiko batekin ibili nintzen; baina, azkenaldian, nire aldetik entrenatzen naiz. Partiduen arabera entrenatzen naiz. Aste bukaeran bi partidu baldin baditut, astean zehar lan gutxiago egiten dut. Astean behin entrenatzen naiz pilotalekuan eta gainerako egunetan gimnasioan egiten dut lan.
Gainera, Martinez de Irujorekin entrenatzen ibili zara.
Deitu egin zidaten ezker bat gura zutela esanez. Partidua zeukan Irujok Gonzalezen aurka, eta, hura ere ezkerra denez, ezker bat gura zuten entrenatzeko. Lehenengo, Idoaterekin egon ziren, baina hura bajan zegoenez niri deitu zidaten. Oso esperientzia ona izan zen. Horrelako aukerak gutxi egoten dira eta aprobetxatu egin behar dira.
Izango duzu anekdotarik...
Alproja samarra da, berandu etorri zen entrenamendura. Hasierako tantoan, lau t'erditik pasa egin nuen eta Irujok esan zidan buruz burukorako gertu nengoela! Oso mutil jatorra da.
Zertan zabiltza orain?
Euskal Liga jokatzen gabiltza, gainerako probintzien aurka. Zortzi talde gara: denek denen aurka jokatuko dugu eta lehenengo laurak sailkatuko dira finalerdiak jokatzeko. Iñigo Irureta da nire bikotekidea partiduetan.
------------------------------------------------------
Beitiari nagusitu zitzaion
Urtarrilaren 9an Getxon jantzi zuen lau t'erdiko txapela Mendizabalek. Asier Beitia bizkaitarraren aurka jokatu zuen elite mailako finala antzuolarrak. Partidu parekatua izan zela azaldu du Mendizabalek. 13-7 galtzen ibili zen Mendizabal; baina, Beitiaren falta bat aprobetxatu zuen eta partidua 14-14 berdindu zuen. Gero, 18ra arte nahiko parekatuta ibili ziren eta azkenean antzuolarrak aurre hartu eta 18-22 irabazi zuen lehia.