Estarta kooperatiba Danobaten integratu da

Leire Kortabarria 2011ko urt. 18a, 10:42

Estarta eta Mondragon Korporazioko kide Danobat kooperatibek bat egitea adostu dute, merkatu globalean dimentsioa eta lehiakortasuna handitzeko, Mondragonen esanetan.

Bi kooperatibetako Batzar Orokorrek Estarta Danobaten integratzea erabaki berri dute, "merkatuan lehiatzeko duten ahalmena areagotzeko".

Horrenbestez, enpresa integrazioaren prozesua ixten da, dimentsioa handitu eta merkatu globalean lehiarako ahalmena hobetzeko helburuarekin. Estartak artezteko makina zentrorik gabeak fabrikatzen ditu, eta 1996an sartu zen Danobat Taldean.

Makina-erremintan, munduko 30.

DanobatGroup hainbat markak osatutako taldea izatetik enpresa taldea izatera igaro da, zeinean markarik ospetsuenak bultzatu diren, hau da, Danobat eta Soraluce.

Homegeneizatzeko eta integratzeko ahalegin horri esker, orain DanobatGroupek ikuspegi bateratua helarazten die bezeroei eta merkatuari, eta, gainera, Makina-Erremintaren munduko ekoizle nagusien rankingean 30. postuan kokatu da, informatzen du Mondragon Korporazioak.

DanobatGroup Mondragon Korporazioko Makina-Erremintaren dibisioa da. Taldeak, oro har, 1.173 pertsona enplegatzen ditu, horietatik 197 atzerriko ekoizpen lantegietan: Newall UK Ingalaterran eta Overbeck eta Bimatec-Soraluce Alemanian. Horrez gain, ordezkaritza komertzialak dauzka Frantzia, Italia, Ameriketako Estatu Batu, Brasil, Txina, India eta Japonian. Taldearen produktu nagusiak hauek dira: artezteko makinak, tornuak, zerrak eta zulatzeko unitateak, fresatzeko zentroak, puntzonatzeko eta tolesteko makinak eta trenetarako ekipamendua.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak