Urkuluko ingurunea itxura ederra hartzen dabil

Mirian Biteri 2011ko urtarrilaren 18a

Urkulu ingurua biziberritzeko planarekin aurrera dihardute.  Azkenaldian hainbat proiektu egin dituzte horren harira; dagoeneko agerian daudenak. Azpiegiturei dagokienez, bidegorriaren bigarren zatia oso aurreratuta dago eta Aretxabaletako alkate Inaxio Garrok jakinarazi digunez, asteon amaituko dituzte lanok.

Sasoi eraikuntza enpresa dabil han lanean azarotik, 125.560 euroren truke. Etxaluze baserri ingurutik, hau da, urtegiko ibilbidearen sarreratik, Areantza auzoko bidegurutzeraino doa. Urtegi ondotik doa eta hori dela-eta, errepideari zati bat kendu behar izan diote. Bigarren zati horrek 335 metro luze ditu, eta zabalerari dagokionez, 2,60 metrokoa da.

Panelak eta eserlekuak
Bigarren zati horrek eginda dagoen lehenengo zatiarekin bat egiten du. Hortik Goroeta auzoraino doan tartearen obrak uda partean egin zituzten eta oraindik hainbat eserleku, seinale eta argibide panel jarri barik daude. Azken horiek Urkulu inguruaren gaineko informazioa eskaintzeaz gain, han dabiltzan landaretzaren eta hegaztien berri ere ematen dute. Egunotan ari dira jartzen; seinale batzuetan fotomuntaketa ederrak ere ikus daitezke.

Lehenengo tarteak 513 metroko luzera du. Kasu horretan ere Sasoi enpresak izan zuen 230.000 euroko aurrekontua zuten lanen ardura. Zati nagusia 364 metrokoa da eta lau metroko zabalera du. Komunetara igotzeko arrapala bikoitzak, ostera, hiru metro zabal ditu; azken horrek gurpildun aulkian doazenak ondo igotzeko bideak gehienez %8ko aldapa du.

Irisgarritasun unibertsala
Horren harira, gogorarazi behar da orain arte egindako bidegorri zatiak gurpildun aulkian doazenendako eta itsuendako daudela egokituta. Horretarako, bide guztian egurrezko bi baranda jarriko dituzte; bata, itsuendako gida-lagun, eta bestea, gurpildun aulkian dabiltzanendako. Gainera, itsuen bastoiari lagun egiteko beste gida bat jarriko dute baranden azpian.

Bidegorriaren lanak ez dira hor amaituko, hirugarren zati bat egiteko asmoa dago-eta. Etxaluze baserritik Aozaratza auzoraino doa hori. Garrok azaldu digu proiektua "erdi eginda" dagoela baina, bideak jabetza pribatuko lurrak dituela, eta hortaz, baserriekin "adostu" beharra dagoela.

Bestalde, Urkulu biziberritzeko prozesuan ostalaritza edo hotel -industria jarduerako zerbitzua egitea dago aurreikusita Irurikoa baserrian. Eguenean egitasmo horretarako alokairurako lizitazioa argitaratu zen bigarrenez Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Alkatearen esanetan, "lehenengo deialdian udaletxean interesatuta zeuden lau dei eduki genituen; baina proiektuak aurkezteko epea amaitzean, ez zen inor agertu. Gogorarazi nahi dut jarduera hori naturarekin edo ekologia bezalako kontzeptuekin lotuta egon beharko dela derrigorrez".

Irurikoa baserria Aozaratza auzoan dago, eta udal jabetzako baserri bat da. 222 metro karratuko azalera dauka, eta hiru solairu ditu. 5000 m2 inguruko larreak dauzka baserriaren ondoan.

40 urteko ustiapena
Baldintzen plegua ez da aldatu. Besteak beste, aurreikusten da alokairuan izango den baserriaren ustiapen epea 40 urtekoa izango dela gehienez, alokairu kontratua hobetu eta baserria erabilgarri den egunetik hasita. Aldi berean, ostalaritza eta hotel-industriarako erabiliko den baserriaren berritze lanak, oinarrizko proiektua onartzen denetik hasi eta 18 hilabetetan egin beharko direla dio. Horren gaineko proiektua kontratua sinatu eta hiru hilabeteko epean aurkeztu beharko da.

Horrez gain, pleguak dio berritze lanen prezioa, esleipendunaren kontura izango dela, esleipendunak egin beharreko inbertsioa konpentsatu egingo delako ustiapen epean eskainitako erabileren ustiapenarekin.

Eskaintzak Aretxabaletako udaletxeko erregistro orokorrean aurkeztu behar dira lizitazioaren iragarkia argitaratu zenetik hurrengo egunetik hasita hiru hilabeteko epean. Postaz ere aurkeztu ahal izango dira eskaintzak; baina hala eginez gero udaletxera bidalitako fax bitartez adierazi beharko da.

Aretxabaletako Udala eta Naturgintza fundazioa 2008 urtetik dabiltza elkarlanean, esandako ingurunea biziberritzeko. Egin beharrekoak zehaztu eta horren gaineko proiektuak lantzen ari dira. Zeregin horretan, joan den urtean, Urkulu aldean milioi euro bat inbertitu zen. Alkateak jakinarazi digu aurten 650.000 euro inguru bideratu nahi direla: "Herriko kiroldegiaren lanen ostean, egin nahi den inbertsiorik handiena da Urkulukoa".

Aipatutakoez gain, Iraeban baserriari ere "erabilera zehatza" emateko asmoa dute; baina, alkatearen esanetan, "zehazteke dago oraindik. Lehenengo Irurikoa finkatu nahi dugu eta ondoren, horrekin indarrak bideratuko ditugu beste baserri horri".

4.700 zuhaitz kimu
Plan horren oinarriak ez dira baserrietara eta azpiegituretara mugatzen. Alkatearen arabera, "utzita zegoen Urkulu berreskuratu dugu. Landaretzaren biodibertsitatea bermatzeko, garbiketa lanak egin dira eta 4.700 zuhaitz kimu landatu dira. Mantentze-lanetarako lagun bat hartzeko lanean ere badihardugu. Faunarekin lotuta, bestalde, hegaztiendako habia-kaxak jarri dira".

Aisialdiari ere garrantzia eman nahi diote. Horren harira, Udalak Topogida argitaratu berri du. Gida-liburuxka horrek bidezidorrak ezagutzeko, mendi itzuliak egiteko eta 25 kilometroko BTT zirkuitua egiteko aukera eskaintzen du. Guztira, 2.200 ale egin dituzte; 1.300 euskaraz, eta gainerakoak, erdaraz. Topogida hiru euroren truke saltzen da kultura etxean.

Begiratoki panoramikoa
Horrekin batera, urtegiko presatik gertu, egurrezko begiratoki panoramikoa egokitu dute egunotan. Alkatearen esanetan, "oso polita den bazter batean jarri dugu, panoramika ederra da handik. Gainera, eserlekuak jarri dira, jendeak lasai ikus dezan dena".

Urtegiko aparlekuetarako tarifa
Mugikortasunarekin lotuta, Inaxio Garro alkateak azaldu du Otalako aparkalekua indartu nahi dutela. Alkatearen esanetan, "debaldeko aparkalekua izango da hori; urtegian bertan dauden bi aparkalekuetan autoa utzi ahal izateko, berriz, tarifatxoa ordaindu beharko da. Pertsona bat edo bi egongo dira trafikoa kontrolatzen eta tarifa kobratzen. Kontua ez da dirua ateratzea, autoak hortik ateratzea baizik. Baina, oraindik zehazteke dago guztia".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak