Hauteskunde sindikaletan ere igartzen dabil krisia

Leire Kortabarria 2011ko urt. 17a, 01:00

Ezaugarri bereziren bat baldin badute 2010-2011ko hauteskunde sindikalek, hauxe da: aurreko aldian baino ordezkari askoz gutxiago aukeratu direla. Hala, Debagoienean 530 ordezkari sindikal inguru aukeratu ziren aurrekoan, orain lau urte; bada, oraingoan, 430 inguru aukeratzea tokatzen da. Horrek arrazoi garbi bat dauka: zentsua, hau da, langile kopurua txikiagoa dela.

Enpresa batzuk itxi egin dituzte; beste askotan, kaleratzeak egon dira. Beste batzuetan, inork ez du bere burua hautagai izateko aurkeztu, eta ez dira hauteskundeak egin.

Hauteskunde politikoekin gertatzen den moduan, momentuko egoerak –kasu honetan, krisiak–  gainetik eta oso gertutik hegan egindako hauteskundeak izaten dabiltza hauek. Krisia islatu da, batik bat, enpresa kopuruan eta langile kopuruan; ez hainbeste emaitzetan, ordea, nahiz eta ezuste batzuk ere izan diren han-hemenka.
Iraila bukatutakoan, eta Deba bailara osoa (Debabarrena barne) kontuan hartuta, hauek ziren emaitzak: 1.002 ordezkari aukeratzen ziren, horietatik gehienak (635) metal arlokoak. ELAk jarraitzen du bailaran ordezkaritza handiena duen sindikatua izaten: esandako epean, 426 ordezkari lortu zituen (%42,51); bigarren, LAB (276 ordezkari, %27,54); hirugarren, CCOO (163 ordezkari, %16,27); laugarren, UGT (79 ordezkari, %7,88); eta gainerako 58 ordezkariak (%5,79) banatu ziren ESK eta beste sindikatu batzuen artean.

ELA nagusi Debagoienean ere

Indar sindikal bakoitza banaka hartuta, hauek dira bakoitzaren emaitza batzuk, hauek Debagoienera mugatuta: ELAk gehiengoa lortu du Aita Mennin (ordezkari guztiak, 13ak, bereak izango dira), Natra Zahorren, Hijos de Juan de Garayn, Recyden, Elay Industrialen eta beste leku batzuetan. LAB nagusi izan da, besteak beste, Arcelorren, Bergarako Udalean eta Arrasateko Udalean; Euskadiko Langile Komisioek (CCOO) Oñatiko Katean bostetik bost ordezkariak lortu ditu, eta Eskoriatzako Udaleko ordezkaria ere; eta ESKren lorpen nabarmenetako bat izan da Bergarako Udalean zuen ordezkaritza hirukoiztea.

Hauteskunde epea irailean hasten da, eta maiatzean oraindik ere bozkatzen dute enpresa batzuetako langileek. Hala ere, hilabete intentsuenak izaten dira irailetik abendura artekoak: tarte horri epealdi trinkoa deitzen diote sindikatuek, eta hor aukeratzen dira ordezkari sindikalen %60 eta %70en artean. Normalean, metalaren sektoreko enpresek bozkatzen dute lehenengo; gero, irakaskuntza eta osasun arloa izaten dira –baina horiek erkidego autonomo bakoitzak egiten duen egutegiaren arabera antolatzen dira–, eta administrazioak ere tarteka izaten ditu; oraingo hauteskundeetan, esaterako, Bergarako Udaleko hauteskundeak atzeratu egin dira eta joan den astean izan ziren. Esan bezala, LABek atera du gehiengoa, 13tik zortzi ordezkarirekin; ELAk eta ESK-k hiruna atera dute, eta LABek eta ELAk bere lehengo emaitzei eutsi diete; ESK-k bi ordezkari irabazi ditu. Bergarako Udalaren kasua –eta erakunde publikoen kasuan ere hala da– salbuespena da: horietan, langile gehiago dago aurten orain lau urte baino. Bergarako Udalaren kasuan, esaterako, 2006an 143 langile zeuden erroldan, eta 12 ordezkari aukeratu zituzten; orain, 177 daude, eta 14 ordezkari aukeratu dituzte. Administrazio publikoetan zentsua handiagoa da orain, baina hori da salbuespen bakarra.

Bailarako ordezkari sindikalek esaten dutenez, orokorrean 2006ko emaitza antzekoak izan dira, gorabehera batzuekin. Hala, Debagoieneko udaletan ezustekoak izan dira: ordezkari bakarra duten udal batzuetan, zeinuz aldatu da botoa. Hala, Antzuolan eta Aretxabaletan, ELArendako izan da ordezkari hori, orain arte LABena zenean. Eskoriatzako Udalean, berriz, LABek  galdu egin du bere ordezkaritza, CCOOren mesedetan. Arrasaten, LABek izan du gehiengoa, eta Oñatikoan, ELAk.

Dena dela, datozen aste eta hilabeteetan, Debagoieneko enpresa garrantzitsu askotan egingo dituzte hauteskundeok: Auzo Lagunek eta Lagun Aro aseguru enprsak otsailean izango dituzte; Bergarako Candy Hooverrekoek martxoan aukeratuko dituzte bere 13 ordezkariak, eta Gelmakoek ere hilabete horretan izango dituzte hauteskundeak; Oñatiko Energía Portatil enpresako lantaldeak 9 ordezkari aukeratuko ditu, eta Chinchurretakoak, berriz, bost. Torunsako langileek ere oraindik ez dute bozketa egin, eta, administraziora bueltatuz, Debagoieneko Mankomunitateko langileek ere ez dute oraindik bozketa egin; apirilean izango dute.

Lehengo antzeko emaitzak

ELAko Debagoieneko arduradun Amagoia Lasagabaster pozik dago izandako emaitzekin: "ELAk Deba eskualdeko ordezkaritza osoaren %42, 88 lortu du, 2006an baino gehiago: orduan %42,58 genuen". Bere esanetan, "oso zaila zen ELArendako bere ordezkaritza-mailari eustea, %40an zegoelako".

Ezin ahaztekoa da, baina, aurtengo berezitasun handia: delegatu kopuru txikiagoa: "Deba bailara osoan, ELAk 445 ordezkarirekin hasi zuen urtea, eta 374rekin bukatu du. EAEn, 1.040 ordezkari zeuden hasieran, eta 872 urte bukaeran". Horretarako hiru faktore aipatzen ditu: "Enpresa batzuk itxi egin dira; eta beste batzuetan, zentsua hainbeste txikitu denez, ez dituzte hauteskundeak egin; adibidez, Nemesio Zubian, eta beste batzuetan. Bigarren, enpresa askotan langile gutxiagorekin geratu dira: hala, Elayn hiru ordezkaritik bat aukeratzera pasa dira; Arcelorren, 13tik bederatzira… Bestalde, epealdi trinkoaz ari gara, eta abendurako aurreikusten ziren hauteskunde batzuk urtarrilera atzeratu dira. Eta azkenik, beste enpresa batzuetan inork ez du ordezkari sindikal izateko bere burua aurkeztu nahi izan". Lasagabasterren esanetan, "enpresa askotan pasatu dira hiru ordezkari izatetik bakarra izatera".

LABeko arduradun Jose Ramon Kortabarriak ere balorazio ona egin du epealdi trinkoaz: "Orain arte eutsi egin diogu gure ordezkari portzentajeari: ez da askorik handitu, baina ez da beherakada nabarmenik ere egon. Kasu batzuetan, ordezkari aldaketak egon dira, baina ondorioa da eutsi egin diegula gure emaitzei". Emaitza positibo batzuk aipatzen ditu: Arcelorren gehiengoa izan du LABek; Oñatiko Hijos de Juan de Garayn ordezkari bat gehiago atera dute (lautik bostera pasatu dira); Natran zituzten seiei eutsi diete, Oñatiko Udalean bigarren izan dira eta lehen baino bi ordezkari gehiago lortu dituzte…

Kortabarriak ere onartzen du krisiak eragin handia izan duela honako hauteskundeetan: "Enpresetan eztabaida asko egon dira; langileen artean, zuzendaritzarekin, egoera dela, EREak direla… Gure kasuan, emaitzak hobeak izan dira gure burua berritu dugun lekuetan, betikoa egin dugunetan baino".

ESK sindikatuari dagokionez ere, pozik daude arduradunak orain arte lortu dituzten fruituekin: "Sindikatu txikia gara, eta kosta egiten zaigu besteen pareko emaitzak ateratzea; baina gu geunden lekuetan jarraitzea lortzen gabiltza. Hala, Arrasateko nagusien egoitzan, iaz greba eta mobilizazio batzuk egon ziren, eta ESK-k aurpegia eman zuen orduan; eta botoetan igarri da lan hori. Bestalde, Bergarako Udalean gure ordezkaritza hirukoiztu egin dugu. Horrek guztiak indarra ematen digu", esaten du ESK-ko ordezkari Felix Irizarrek.

Irakurketa orokorrago bat ere egiten du Irizarrek: "Orokorrean, parte-hartze garrantzitsua izan da langileen aldetik; konpromiso handia erakutsi dute. Bestalde, gu sindikatu txikia gara eta ez dugu gorabehera handirik izan. Oso pozik gaude eta, etorkizunera begira, oraindik Candy Hoover enpresako hauteskundeak geratzen dira, besteak beste, eta hor guk gehiengoa izan ohi dugu".

"Jendea gehiago ohartzen da"

CCOO sindikatua da hirugarren indar sindikala. Debagoieneko ordezkari Julian Feok esaten duenez, hauteskundeak "nahiko ondo" joan dira orain arte eurendako. Emaitza batzuk nabarmentzen ditu: "Eskoriatzan, Alzan, bostetik bost ordezkari atera ditugu; Ezkurran, lautik bi; Tesan, bat. Arrasateko enpresetan ere emaitza onak izan ditugu: adibidez, Polmetasan lau ordezkari; Caldereria Epelen, bat; Arrasate G-Taldea enpresan, hirutik hirurak; Oñatiko Garbilan enpresan ere hiru ordezkaritik hirurak lortu ditugu, eta Katean ere guztiak, bostetik bostak; Bergaran, Izpin, bat; TTT enpresan, bi…"

Euren eskaera garrantzitsuenez galdetuta, Feok esaten du "denon berberak" izan direla; eta hau ere azpimarratzen du: "Hitzarmen probintziala eskatzen dugu, eta ez estatukoa, beste batzuek eskatzen dugula esaten duten moduan. Horrez gain, Gipuzkoako metalaren sektoreak hamar urte eman ditu hitzarmen barik, eta hori ere erreibindikatu dugu".

Krisiaren eraginaz ere hitz egiten du CCOOko bailarako arduradunak: "Krisiarekin, jendea inoiz baino gehiago konturatu da zeinek egiten duen borroka eta zeinek ez. Horregatik lortu ditugu ordezkariak lehen ez geneuzkan lekuetan". Horrez gain, krisiarekin "zailtasun handiak" egoten jarraitzen dutela esaten du, batez ere eraikuntza sektorean. "Eraikuntza pikutara joan da hemen ere", esaten du.

UGTko ordezkariek ere esaten dute enpresak txikitu egin direla eta komite handiak zituzten enpresa askotan, orain komite txikiak geratu direla; eta horrez gain, langileen aldartea edo jarrera ere okertu egin direla, krisiak kolpatuta: "Jendea nekatuta, ilusioa galduta, beldurtuta… dago". Hala ere, "ondo" joan dira hauteskundeok orain arte UGTrendako: "Gure lana ikusi dute eta itxaropena dute. Batzuek galdetzen dute hauteskundeek zertarako balio izango duten, baina gu eurendako sostengu edo laguntza bat gara", esaten dute UGT sindikatuko ordezkariek.

Ohiko hauteskundeak bezala

Hauteskunde sindikalek, hauteskunde politikoek bezala, euren egutegia daukate. Hasteko, aurre-abisua egin behar da hilabete lehenago: deitu nahi dituen sindikatuak enpresa-komiteari eta enpresari jakinarazi behar dio. Prozesua hasten da, eta enpresak bozkatu dezaketen langileen zentsua ematen du. 16 urte da gutxieneko adina, eta hilabete bat da gutxieneko antzinatasuna; edozein kontratu motako langileek dute bozka-eskubidea. Gero, hautes-mahaia osatzen da presidentearekin (enpresako langile antzinakoena), bokalarekin (langile zaharrena) eta idazkariarekin (langile gazteena). Mahaia osatzen denetik gutxienez 24 ordu eta gehienez 10 egun pasa behar dira hauteskundeak egiteko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak