Mikel Aiestaran, Gipuzkoako ostalarien elkarteko kudeaketa zuzendaria
"Orokorrean, ostalariek kontatzen digutena da bezeroek errespetatu egiten dutela debekua eta jendea kontzientziatua dagoela ikusten dela"
Gaurko bilerarekin zer da lortu nahi duzuena?
Legearen berri zehatza ostalariei eman gura diegu eta, bide batez, indarrean egon den lehen egun hauetan eurek egiten duten balorazioa jaso: kezka, arrazoiak, zalantzak... Gipuzkoako beste eskualde batzuetan egin dugu dagoeneko bilera eta orokorrean normaltasuna da sumatu duguna. Oraindik interpretazio sakon bat egiteko denbora gutxi pasatu da baina bileraren helburua ere hori da, inpresioak jasotzea.
Hainbestekoa da normaltasuna? Ze entzuten da salaketak egon direla, kexak…
Printzipioz erabatekoa. Entzun dugu 30 salaketa jarri direla baina ez dakigu horietatik zenbat diren ostalaritzaren alorrari dagozkionak. Kezka gehien gau-giroko tabernetan sortzen dira ze aforo handiagoa duten lokaletan kontrola egitea gaitzagoa da. Baina orokorrean, ostalariek kontatzen digutena da bezeroek errespetatu egiten dutela debekua eta jendea kontzientziatua dagoela ikusten da. Ostalarien kezka da bezeroak erretzen badu zein puntutara arte den eurena erantzukizun solidarioa.
Bestelako ekimenik egin duzue?
Legebiltzarreko alderdiekin egin ditugu bilerak eta eskatu diegu era sinple baten, arau baten bitartez, azal dezatela zein den ostalarien betebeharra lokalean inor erretzen aurkitzen badute erantzukizunik izan ez dezaten. Ala nahikoa da pegatina ipini eta bezeroen esku erreklamazio orria uztearekin? Polizia lanik ez egitea da gure aholkua.
Bizkaiko ostalarien elkartea, adibidez, tabako makinak tabernetatik kentzearen aldekoa da.
Gu Eusko Jaurlaritzako Aholkularitza Batzordean egon ginenean logikoa iruditu zitzaigun erretzea galaraziz gero makinak ere kentzea baina neurri hori ez da onartu. Orain gertatu dena da tabernariak inbertsioak egiten hasi direla terrazetan berogailuak eta egiturak jartzeko eta ondorioz tabako-makinak bezeroari zerbitzua ematen jarraitzen dutela. Bestalde, adibidez, Irunen komentatzen da, mugan daudenez, tabakoak diru asko uzten duela.
Tabernari askok aurretik ere sekulako inbertsioa egin behar izan zuten euren lokala aurreko lege aldaketara moldatzeko. Horiekin zer gertatzen da?
Alderdi politikoek emendakinetan sartu dute gai hori, guztiz logikoa da-eta. 2005eko legera moldatzeko inbertsioak egin zituztenek konpentsazioak beharko lituzkete, ze horiek legea betetzeko inbertsioak izan ziren. Alderdi guztiak bat datoz ikuspuntu honekin. Egia da, guk ere, bere garaian aholkatu genuena izan zela inbertsio handiegirik ez egiteko, ez genekien-eta tabakoaren kontuak zelan amaituko zuen. Hortaz, ez dugu uste hainbesterainoko inbertsioak egin zirenik baina agiri eta perituen bitartez hala egin zuela frogatzen duenak, konpentsazioarako eskubidea izan beharko luke.