Gripeagatik lanpetuta dabiltza Debagoieneko ospitalean, baina ez gainezka

Oihana Elorza Gorostiza 2011ko urtarrilaren 12a

Gripeagatik ohi baino jende gehiago artatu behar izan dituzte Debagoieneko ospitalean azken egunetan, baina "pikoa" pasa da eta lanpetuta ibili arren, normaltasunaren barruan dihardute egun hauetan.

Debagoieneko ospitaleko mediku Iñaki Peñak Arrasate Irratiari emandako elkarrizketan azaldu duenez momentu honetan ostpitala ez dago saturatuta. "Urtarrileko lehen astean nabaritu dugu gripearen "pikoa". Horietako egun batean pasiloan egon dira larrialdietara joandako gaixoren bat edo beste, baina ospitalak ez du aparteko gela edo guneren bat zabaldu behar izan gaixoak artatzeko".

Kanpoko gaixoak

Gripearen epidemia orokorra izan da, eta beste ospitaleetako gaixoak ere hartu dituzte Debagoienekoan. "Baina hori normala da. Hemengo batzuk beste erietxe batzuetara bidali ditugu eta kanpotik hona etorri dira. Urtero pasatzen da hori, negu guztietan", adierazi du Peñak.

Aholkuak

Iñaki Peña medikuak aholku hauxe eman du gripea pasatzeko: "Lehenengo bizpahiru egunetan etxean gelditzea, likido asko edatea eta parazetamol edo antzerakoak hartzea. Sukarrak gora egiten badu, 39-40ra, familia medikuarengana joatea, edo larrialdietara bestela".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak