Albistearen berri-emaile izan zen Gara egunkarian osorik hartu du azala ETAren su-eten iragarpenak, eta Berrian ere ia osorik. El Diario Vascon eta Noticias taldeko egunkarietan, berriz, toki nagusia eskaini diote gaiari, baina bestelako albisteei ere egin diete lekua.
Argazki eta azal motak
Argazki berdina aukeratu dute El Diario Vascok, Garak eta Berriak: ETAk su-eten iragarpena egiten duen uneko irudia. Deigarriagoak dira Noticias taldeko egunkarien azalak, Deiarena, bereziki: komunikatua dakar osorik eta, horrekin batera, kazetari baten analisia eskuz idatzita: hitz klabeak azpimarratu ditu eta horien inguruko komentario eta zalantzak adierazi.
Bostetik hirundako ez da nahikoa
Aipatutako bost egunkarietatik hiruk, Noticias taldekoek eta El Diario Vascok, ETAren iragarpena ez dela aski diote, behin betikoa izango den argitzeke utzi duelako, euren esanetan. El Diario Vascok gaineratzen du ETAk baldintzak jartzen dituela eta Zapaterok esan duela ez duela halakorik onartuko.
Garak, berriz, ETAren konpromisoa nabarmendu du; erakunde armatua Gernikako eta Bruselako itunekin eta behin betiko konponbiderako prozesuarekin konprometitu dela irakurri dezakegu azalean. Guztien artetik neutralena da Berriak aukeratu duen izenburu nagusia, baina honek ere ETAren konpromisoa azpimarratzen du azpi-titularrean, behin betiko konponbiderako prozesuarekin eta konfrontazio armatuaren amaierarekin. Kasu bietan, gaineratu dute ETAren esanetan eragile politiko eta sozialei dagokiela Euskal Herriaren eta erabakitzeko eskubidearen aitortzaren formulazioa adostea, eta hitzak eta erabakiak herritarrenak izan behar dutela.
Barruko edukia
Barrura etorrita, El Diario Vascok eskaini dio orri gehien albisteari: 31; Deiak eta Berriak hamabosna; Noticias de Gipuzkoak 14; eta Garak 13.
Guztiek jaso dituzte komunikatuak dioena, eragile politiko eta sozialen balorazioak eta nazioarteko begiraleen ikuspuntua.
El Diario Vascok garrantzia eman die biktimei ere eta azken komunikatua nola hartu duten jaso du barruko orrietan. Jesus Egiguren Euskadiko alderdi sozialistako presidenteari ere egin dio elkarrizketa, eta hark azpimarratu du Batasunaren legeztatzea lagungarri izango litzatekeela. ETAk armak utzi ezean Fiskaltzak ezker abertzalearen alderdi berriaren kontra egingo lukeela ere jasotzen du.
El Diario Vascok egin moduan, Berriak ere ezker abertzalearen barne eztabaidaren eta horrek iraun duen 15 hilabeteetan egon diren oztopoen kronologia jaso du. Kulturgintzako hainbat pertsonaren iritziak ere batu ditu Berriak.
Noticias taldeko egunkariek gatazkaren giza kostuaren berri ematen dute, biktima eta preso kopuruen berri emanez, eta beste datu bat ere gehitu dute, ekonomikoa: urtean segurtasunera bideratutako diru kopurua. Orain arte izandako su-etenen errepasoa egin dute Garak eta El Diario Vascok.
Espainia eta nazioartea
Espainiako egunkari nagusiek ere azalera ekarri dute albistea gaurko papereko edizioetan. Ez da hori nazioarteko berripaperen kasua, ordea: atzo agerkari digitalek emandako garrantzia ez da islatu gaur papereko edizioetan.