Errespetuz hasi dira tabakorik gabeko egunak bailaran

Leire Kortabarria 2011ko urt. 10a, 10:21

Lasai eta jendearen borondate onenarekin: horrela joan dira urtarrileko lehenengo egunak tabakoaren aurkako lege berriaren pean. Tabernetako bezero gehienak ondo informatuta zeuden, eta legea bete dute.

Gipuzkoako Ostalarien Elkarteko zuzendaritzako kide Anton Elortzak baieztatu digu "arazo barik" joan direla lehenengo egun hauek. Datozen egunotan, herririk herri, hitzaldi batzuk egingo dituzte; batik bat, tabernariondako dira. Lehenengoa Bergarako Lasa jatetxean izango da, hilaren 13an, 17:00etan.

Galdetutako beste taberna batzuetako ugazabak bat datoz: errespetuz jokatu dute herritarrek. Inoiz bezeroren bati atentziora deitu behar izan diotela onartu digute, baina konturatu barik isiotutako zigarroa segituan itsungi du pertsona horrek, tabernarien esanetan. "Nahasteak izan dira. Ohiturak aldatzea zaila da eta hasieran gertatuko da", esan du Arrasateko Monte tabernako Juan Carlos ugazabak. Bergarako Ariznoa tabernan, bestalde, "aurpegi txarren bat" ikusi behar izan dute, baina salbuespena izan dira.

Tabernetan denetariko iritziak entzuten dira: erretzaile batzuek esaten dute "zuzena" iruditzen zaiela arautegi zorrotz hori, eta lehendik ere ohitura hartuta zutela kalean erretzeko. Orain bi urte erretzeari utzi zion gizonezko batek esaten zuen "ondo" iruditzen zaiola legea: "Beste batzuek inguruan erretzeak ez dit traba egiten, baina orain hobeto egongo naiz".

Euskadin ere, lege bera

Ostalari gehienek bi aldeak ikusten dituzte. Honela esaten du Monteko Juan Carlos Davilak: "Osasun aldetik, guretako ondo dago; baina era berean, erretzaileek ere eskubidea daukate  kafearekin batera zigarrotxoa erretzeko kalera irten barik. Iruditzen zait mutur batetik bestera joan direla". Bere esanetan, "ikusi egin beharko da" epe luzean lege berriak zela eragiten dion ostalaritzari. "Oraindik jendea kalean dabil, oporretan daude asko… Bestalde, Arrasaten daukagun gauza on bat da herriko jaiak ez direla oraingo hilabetean; Donostian, sansebastianetan, zailagoa izango da legea betearaztea". Eta gogora ekartzen du "Euskadin ere indarrean" dagoela legea; izan ere, "jende askok uste du legeak hemen ez duela eraginik oraindik, baina ez da hala".

Taupa tabernako ugazaba Beñatek ere bi aldeak ezagutzen ditu: tabernaria den aldetik eta, bestalde, erretzailea den aldetik. Bere iritziz, "ohiturak aldatuko dira; aldatu egin beharko! Dena dela, koadrila bat baldin badago eta bat ez beste guztiak erretzaileak baldin badira eta kanpora joaten badira erretzeko, erretzen ez duenari, kasu horretan, legeak mesede egiten dio edo ez? Ez nago ziur…" Bere iritziz, "legea txarto dago", eta esaten du tabernariok ez dutela "zaintzaile" izan behar. "Oraingoz ez da arazorik egon, baina aste bukaeran zer gertatuko da? Oraindik ez dakigu…"

Tabernari batzuk hasi dira neurriak jartzen: hala, txanpinoi itxura duten eta taberna inguruetan txanpinoiak moduan, gero eta ugariago ikusiko ditugun berogailu horiek daude. Taberna batzuek badituzte. Taupako terrazan badaude: "Elektrikoak dira. Bero handia ematen dute ondoan jesarriz gero. Honek ere laguntzen du kanpoan egon behar bada", esaten du Taupako Beñatek.

Zirrikitu barik legearen alde dauden ostalariak ere topatu ditugu. Hori da Bergarako Zuhaizti taberna eta jatetxeko Oscar Ardilaren kasua: "Lehen ospitale inguruko taberna baten egiten nuen lan, eta han lehendik ere ezin zen erre; hortaz, badaramatzat sei urte ke barik lan egiten, eta sekulako aldaketa igartzen da". Bere iritziz, "legea ez da egin jendea hotzak egon dadin, baizik eta jendeak erretzeari laga diezaion, eta laga diotenak askoz hobeto daude orain lege honekin. Baina, jakina, erretzen jarraitu nahi dutenak ere errespetatu egin behar dira".

"Lehia desleiala"

Gipuzkoako ostalarien elkarteko ordezkari Antton Elortzak  elkarte horren jarrera ofiziala azaltzen du: "Beldurraren legea da hau, eta tabernetako kea umeendako txarra baldin bada, elkarte gastronomikoetakoa ere txarra da", esan du, gogoraraziz elkarte gastronomikoak "pribatu" gisa jotzen dituela legeak eta, beraz, bakoitzak erabaki beharko duela zer egiten den barruan, eta erretzeko baimena ematen duten edo ez. Izan ere, tabernari askok denbora daramate salatzen elkarteok "lehia desleiala" egin diezaieketela tabernoi. Eta ostalariok daukaten beste kexu bat adierazten du: "Tabernariok ez daukagu zertan zaindari lanak egin bezeroekin".

Legeak garbi esaten du zein den erantzulea arau-hauste mota bakoitzeko, baina ez du esaten zeinek betearazi behar duen. Hala, adibidez, erretzea debekatuta dagoen leku baten erretzen duenak apurtzen du araua; baina, legeak espresuki hori esaten ez duenez, tabernariaren edo zerbitzariaren gain uzten du legea betearaztearen erantzukizuna. Horretaz kexu dira ostalariak.

Bestalde, Euskadiko Ostalarien Federazioak tabakoa saltzeko makinak kentzeko dei egin die bere federatuei, "koherentzia" aipatuta. Gipuzkoako elkartea, baina, ez dago federazioan, eta ez du deialdirik egin. Dena dela, salmentarena beste puntu polemiko bat da: legea inoiz baino mugatzaileagoa izan arren, Espainiako Gobernuak salmenta leku mota gehiagori eman dio baimena tabakoa saltzeko: besteak beste, zerbitzuguneetako dendei eta paper-dendei.

Arau-hauste arinak edo larriak

Ostalariak eurak ere arau-urratzaile izan daitezke. Hala, legeak behartu egiten ditu establezimenduaren sarreran debekuaren berri emateko kartelak edo iragarkiak ipintzera; eta errudun egiten ditu "legeak adierazten dituen gainerako betebehar formalak" ez badituzte betetzen. Goian esandakoak arau-urratze arinak dira, eta adingabekoei tabakoa saltzea ere bai. Debekatuta dagoen lekuan erretzeak 30 euroko isuna dakar; eta 30 eta 600 euro arteko isuna dago gainerako arau-hauste arinetan.

Araua urratzen da modu larrian, besteak beste, erretzeko lekuak egokitzen badira debekatuta dagoen lekuetan; debekatuta dagoen lekuetan erretzen uzten bada; edo erretzea debekatuta dagoen leku baten erretzeagatik hiru aldiz urratu bada legea. Kasu horietan eta gainerako arau-hauste larrietan, 601 eta 10.000 euro arteko isunak jasan daitezke.

Aurreko legeak ezartzen zuen debekua zabaldu egin da hedadura guztietako tabernetara, ospitale eta osasun-zentroen eremu osora (Debagoieneko Ospitaleko sarrerako hautsontziak kendu egin dituzte), gizarte-arreta zentroetara, aisiguneetara, jai-aretoetara, autobus geltoki itxietara eta aireportuetara. Horrek nahasmena sor dezake: adibidez, autobus-markesina bat espazio itxia da, aire zabaleko gunetzat jotzen delako estalita ez dagoen edozein leku, edo, estalita egonda, bi pareta edo muga horizontal baino gehiago ez dituena. Umeendako aisiguneen eremu osoan ere ezingo da erre, nahiz eta aire zabalean egon. Ospitaleei dagokienez, bakoitzak zehaztu beharko du bere eremua.

Lantokietan ezin da erre, ez eta norbere bulegoan ere, nahiz eta itxia egon, publikotzat jotzen delako. Zalantzak pizten dituen beste leku bat norbere autoa da. Hor erre daiteke, eremu pribatutzat jotzen delako. Dena dela, EAEn Espainiako legea egokitzen denean, beste muga bat ezarri nahi da: adingabekoak doazen autoan erretzeko debekua.

Kirol, gastronomia edo kultura elkarteetan ere ezin da erre, publikoak baldin badira, nahiz eta dirulaguntza publikorik ez jaso. Pribatuak baldin badira, bakoitzak erabaki beharko du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak