Honela ikusi da eguzki eklipse partziala gurean

Irati Goitia 2011ko urt. 4a, 14:57

Ilatargi Astronomia elkartekoak Gorlan izan dira gaur goizean. Urteko lehen Eguzki eklipse partziala izan da gaur eta munduko hainbat lekutatik ikusi ahal izan da: Afrika iparraldetik, Asia erdialdetik eta ondoen Europa iparraldetik. Hain urrun joateko beharrik gabe, gertuan ere ikusi ahal izan da ordea. Ilatargi Astronomia elkartekoak Gorlan izan dira eta goizeko 9:30ak inguruan ikusi ahal izan dute eklipsea. Hau da teleskopio eta kamerek jasotakoa.

Eklipsea goizeko zortziak hamar gutxiagotan  hasi da, baina Euskal Herrian ordubete geroago atera da Eguzkia, eta, beraz, atera denerako zati bat estalita zuen. Eklipsearen puntu gorena bederatziak inguruan izan da, horizontetik oso gertu zegoela, 2º-ko altueran. Hala ere, Gorla gainetik ezin izan da eklipsea 9:30ak ingurura arte ikusi lainoak baitzeuden.

Europa iparraldean estali du gehien ilargiak eguzkia % 75 inguru eta Madrilen, adibidez, %57. Bittor Rodrigez elkarteko kideak esan digu hemen ilargiak eguzkiaren azalera osoaren %40 inguru estali duela.

Aparatu bereziak erabili behar izan dituzte elkartekoek eklipsea ikusteko. Izan ere, eklipsea ezin zitekeen begi bistaz nabaritu eta beharrezkoak izan dira prismatiko edo teleskopioak, betiere egokitutakoak eta babestutakoak.

Horretaz gain, beharrezkoa izan da toki altu batera joatea, eguzkia oso baxu baitzegoen. Horregatik Ilatargi Astronomia elkartekoak goizean goiz jaiki dira Gorla gainera joateko eta aparatu guztiak muntatzeko. Hotza ere pasa dute, baina pozik geratu dira, denbora luzez zerura begira egon ostean, lainoek utzi baitute eklipsea ikusteko zirrikitu txiki bat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak