Argindarraren prezioa %9,8 igoko da urtarrilean, Hego Euskal Herrian

Amaia Txintxurreta Guridi 2010ko abe. 28a, 10:54

Argindarraren prezioa % 9,8 igoko da urtarrilean; horixe jakinarazi du Espainiako Gobernuak. Erabiltzaile bakoitzak hilero 3,2 euro gehiago ordaindu beharko ditu bataz beste. Bestalde, gas naturalaren prezioa ere igo egingo da urte berriarekin batera: %3,9 hain zuzen.

Urtarrilean argindarraren prezioa %9,8 igoko da. Ondorioz, erabiltzaile bakoitzak hilero 3,2 euro gehiago ordaindu beharko ditu bataz beste; urtero 38,4 euro gehiago, Energiako Estatu idazkaritzak aditzera eman duenez.

Kontsumitzaileen elkarteek neurria kritikatu dute

Kontsumitzaile eta erabiltzaile elkarteak, ordea, ez datoz bat kalkulu horiekin. OCUren arabera, erabiltzaile gehienek lau euro inguru gehiago ordaindu beharko dituzte hilean, eta  beraz, 51 euro gehiago urtean. Eta Facua elkarteak, berriz, esaten du azken hiru urte eta erdian ia %50 garestitu dela argindarraren prezioa; ondorioz, 2007an baino 220 euro gehiago ordainduko dituzte erabiltzaileek 2011n.

Kontsumitzaileen elkarteek eta energia berriztagarrien sektoreko enpresek gogor kritikatu dute gobernuaren jarduna; krisi garaian argindarra horrenbeste garestitu duelako eta errentagarria ez den ikatzaren kontsumoa sustatzeko, berriz, urtean 700 milioi euroko laguntza ematen ari delako.

Aurten, urtarrilean %2,64 igo zen argindarraren prezioa, eta beste %4,8 urrian. Uztailean prezioa zegoen moduan uztea erabaki zuen Espainiako Gobernuak, Alderdi Popularrarekin egindako akordio batek aukera hori ahalbidetu ziolako. Hilabete hartan, ordea, balio erantsiaren zerga %16tik %18ra igo zuen, eta argindarra %2 garestitu.

Gas naturala ere, gora

Oraingoan, berriz, argindarraren prezioa %9,8 igo da, baina hori bakarrik ez da igoko. Gas naturalagatik %3,9 euro gehiago ordaindu beharko dugu urtarriletik aurrera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak