Zerbitzu hau eskaintzeko Mankomunitateak Eko3r enpresa kontratatu du. Jarriko diren edukiontziak, Arrasaten dauden edukiontziak bezalakoak izango dira. Edukiontzi hauek erabiltzeko, pote jakin batzuk behar dira eta hauek etxez etxe banatuko dira. Banaketa hau urtarrilaren 2an hasiko da eta herritar bakoitzari etxeko ate aurrean utziko zaio potea. Hori dela eta, Mankomunitateak banaketa bermatzeko herritarren laguntza eta elkarlana eskatu nahi du, besteak beste, poteak banatzen dihardutenei atariko atea irekitzeko.
Herriz herriko banaketa egunak hurrengoak izango dira:
- Urtarrilak 2-3: Elgeta, Aretxabaleta eta Leintz Gatzaga.
- Urtarrilak 4-5: Eskoriatza, Oñati eta Antzuola.
- Urtarrilak 10-11: Bergara.
Esan bezala, etxez etxe banatutako poteak bakarrik erabili ahal izango dira olioa edukiontzian sartu ahal izateko. Behin potea beteta, edukiontzira hurbildu, potea dagokion lekuan sartu eta edukiontziak berak beste pote huts eta garbia itzuliko du.
Zerbitzu berri honekin batera, 2011n Puntu Berde Mugikorraren zerbitzua desagertu egingo da. Hori dela eta berriro ere Mankomunitateak herritarren laguntza eta elkarlana eskatu nahi du, urtarrilean ez ditzaten olio poteak eta bestelakoak utzi PBM zerbitzua eskaintzen zen lekuetan. Zerbitzu honekin, Mankomunitateak, etxeko olioaren gaikako bilketarako aukerak zabaltzea eta herritarrengana hurbiltzea lortu nahi du, horrela jasotako kopuruak gehitzeko asmoz.