Gabonetako egitaraua

Usoa Agirre 2010ko abe. 23a, 18:08

Gaur etorriko da Olentzero Elgetara, baina gainerako herrietan bihar, Gabon egunez, izango da. Hemen bildu ditugu ibarreko herrietan Gabon egunean izango diren ekintzak. Gainerako egunetako ekintzen berri, Goiena.net-eko agendan.

Arrasate

Txoronpio eta Txoronpia, Olentzeroren laguntzaileek egin dute biharko, egubakoitza, hitzordua Olentzerorendako gutunak batzeko. 11:40ean Munarretik atera eta honako ibilbidea egingo dute: Uribe, San Andres, Musakola, Santa Teresa eta Seber Altube. Aurten, gainera, laguntzaile berria izango dute: Basandere. Olentzerori berari dagokionez, 18:00etan aterako da karroza Bañez doktoreatik eta 19:00etan iritsiko da Etxaluzera. Gura duten guztiak joan daitezke hari laguntzen, kantuan.

Bergara

Bihar, egubakoitza, iritsiko da Olentzero herrira, Mari Domingirekin batera. 19:00etan, gurdian, eta honako ibilbidea egingo dute: Udal Biltegitik abiatuta, Masterreka, Bideberri, Ibargarai, Herrilagunak, Domingo Irala, Irizar eta Barrenkaletik igaro ondoren, San Martin plazan bukatuko dute.  Ibilbidean zehar hiru bat geldialdi egingo dituzte, jende gehien batzen den hiru bat gunetan, eta haiekin batera bidea egingo du abesbatza batek –egun horretarako espresuki hainbat herritarrek osatutako abesbatza– Gabon kantuak abestuz.
Olentzerok eta Mari Domingik umeei agur esan aurretik, udaletxeko balkoian hitz batzuk egingo dituzte.  

Oñati

Gabonei ongietorria egiteko, Olentzero herriko kaleetara jaitsiko da bihar. 17:30ean hasita kalejira egingo du eta umeen gutunak jasoko ditu plazan.

Oñatiko Aministiaren Aldeko Mugimenduak askotariko ekitaldiak antolatu ditu Gabonetarako. Hilaren 25ean elkartasun kontzertua egingo dute gaztetxean.

Aretxabaleta

Ikastetxeetako ume eta gurasoak Gabon kantuan ibiliko dira bihar,  kalean (10:30-12:30). Olentzero arratsaldean etorriko da bihar, Araba ibilbidetik plazara (18:30).

Emanaldi berezia du Aretxabaleta Abesbatzak domekan, hilak 26, parrokian (19:00). Urtero egin izan duen Gabonetako kontzertua Nemesio Otaño konposatzailearen omenez egingo du aurten. Hala, irailean egindako diskoa aurkeztuko du herritarren aurrean. Era berean, aurten ospatu duen 30. urteurreneko ekitaldiei bukaera emango die kontzertuarekin.

Eskoriatza

Bihar, eguerdian hasiko dira ekitaldiak: 12:30ean, plazan elkartuko dira umeak, kantuak abesteko eta, bide batez, Olentzeroren laguntzaileei eskutitzak emateko. Bitartean, trikiti eskolako ikasleek kalejira egingo dute. Arratsaldean, Apotzagatik datorren Olentzerori ongietorria egingo diote Intxaurtxuetan. 18:00etan iritsiko da ikazkina. Jarraian, txistulari eta soinu-jotzaileekin lagunduta, kalez kale ibiliko da. Ohiturari jarraituz, Gabon egunean eskoriatzarrak euskal jantzi tradizionalekin kalera irten daitezela eskatu dute.

Domekan, egitarauko berritasuna izango da: hain justu, Oñatiko Ganbara abesbatzak kontzertua eskainiko du unibertsitateko kaperan, 19:00etan. Musika emanaldiak ordubete inguru iraungo duela jakinarazi dute.

Antzuola

Hilaren 24an Olentzero menditik jaitsi eta herrira etorriko da. Ume eta gaztetxoak pozik egoteko moduko eguna izango da. Goizean zehar Eskolako umeen eta gurasoen eskutik kalejira egingo du Olentzerok herriko kaleetan. Goizeko 11:00etan izango da; herriko alde baten hasi eta bestean bukatuko dute. Umeek Gabonetako doinuak abestuko dituzte. Arratsalde partean, ostera, Olentzero eta Mari Domingi irtengo dira kalera. Kalejira egingo dute eta ondoren ekitaldia Herriko Plazan. 18:30etik aurrera izango da ekitaldia.

Aramaio

Bihar, barikua, eskolako gurasoen elkarteak antolatuta, Olentzerori ongietorria egingo zaio 18:00etan plazan. Gaztetxoek aukera izango dute Olentzerori opariak bertarik bertara eskatzeko.

Elgeta

Urduri daude Elgetan ere neska-mutikoak. Gaur, Gabon bezpera, jaitsiko da Olentzero Intxortatik, eta, jakina denez, opariak ekartzen ditu zintzoak izan diren umeendako, baina ikatza hain formalak izan ez direnendako. 18:30erako espero dugu Elgetan. Ilunpean eta kriseilua eskuan duela jaitsiko da ikazkina Salbadorren behera. Eta ondoan eramango du astoa. Karga-karga eginda etorriko ote da?
Aurretik, Intxortara igoko dira herriko neska-mutikoak Olentzeroren bila. Entzun dugu aurten Mari Domingi ere Elgetan izango dela eta ipuin kontaketa saioa egiteko eskatuko diotela.

Leintz Gatzaga

Gurel guraso elkarteak antolatuta, urtero legez, Gabon kantuan joango dira bihar goizean goiz umeak eta gurasoak. Baserri guztietan eta kalean abestu ostean, Toki Eder elkartean bazkalduko dute; bazkalostean, Olentzeroren bisita izango dute, gutunak jaso ditzan.

Olentzero & Co. musikala Goiena Telebistan

Egubakoitzean, 20:55ean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak