EKAk Euskal Herriko 600 kontsumitzaileri inkesta egin zien datu horiek ateratzeko. Galdetutako lagunen %47,31k esan zuten 500 eta 1.000 euro bitarteko gastua egingo zuela. Galdetutakoen %18ek bakarrik esan zuten 500 euro baino gutxiago inbertituko zituztela Gabon sasoiko erosketetan. Azkenik, %34,62ek ezin izan zuten estimaziorik egin. Hori bai; gehienek 1.000 euroko muga zeukaten Gabonetako aurrekonturako.
Galdetutakoen %81,23ek esan zuten iaz adina gastatuko zutela aurten, eta %17,24ek, iaz baino gutxiago. Erdiek baino gehiagok esan zuten krisiarengatik txikituko zutela aurtengo aurrekontua.
Etxeko otorduetan egiten dugu gastu handiena, EKAren ikerketaren arabera: hori da Euskadiko etxeen %49,62en kasua. Hurrengo datoz opariak (jostailuak aparte), familien %33,46endako; eta loteria, azkenik, familien %16,5endako.
Kontsumoari dagokionez, Gabonak urtarrilean bukatzen dira; hortaz, datozen egunotan ere neurriz kanpo gastatzeko hamaika aukera agertuko zaizkigu. Horien aurrean, "urte osoan bezala, zentzuz jokatzea" gomendatzen du Gipuzkoako Kontsumitzaileen Elkarteko (GKE) Eibarko taldeko kide Jose Manuel Urkidik. Jatekoak jende askok erosi ditu dagoeneko, baina oraindik erosi ez dituztenei gogorarazten die "azken egunetan, prezioak handitu" egiten dituztela saltoki askok.