Xarma, Lord Witch eta Desprezio taldeak izango ditugu Danbakako finalean

Amaia Txintxurreta Guridi 2010ko abe. 20a, 13:10

Finalak garbi utziko du Danbakan rockak, metalak eta punkak balio duela. Estiloari fideltasunak eta jarrerak eroan ditu taldeak finalera. Oso talde diferenteak dira hirurak eta berriz ere izango da ezinezkoa konparazioak egitea. Bakoitzak berean, estiloan onenak balira bezala jardun beharko dute. Lord Witchekoek teknika zanpatzaile eta zuzeneko deuseztatzailea dute. Xarmakoek presentzia eta kantua onak, txapeldunen ikur izan ohi dena eta Despreziokoek dagoeneko erabat higatutako estiloa defendatzera etorrita ere, punkaren garrantzitsuena berreskuratu dute, jarrera.

Xarma, Lord Witch eta Desprezio taldeak finalean egoteko arrazoi hauek azaldu dituzte epaimahaiko kideek.

Desprezio
Jarrera. Egiten duten horretan sinisten dute eta mezua heltzen da, komunikatzen dute. Nahiz eta teknikoki oso onak ez izan, egiten dutena egiten duten moduan egiteak handiagoak egiten ditu.

Freskotasuna. Horixe daukate eta kontzertu dibertigarriak egiten dituzte. Dituzten baliabide gutxiekin moldatzen dira bestelakorik behar gabe. Nahi dutena egiten dute, gustatzen zaiena.

'Do it yourself'. Bada ordua XXI. mendean Do It Yourself edo 'egizu zuk zeuk' errebindikatzeko. Naturaltasun handia dute. Koherenteak dira. Punka oraindik bizirik egotea poztekoa da.

Xarma
Jarrera soberan. Guztia kontra izan zuten, ehunka arazo tekniko, eta oztopo horiek guztiak erraztasunez eta solturaz gainditu zituzten, animu handiz eta emanaldia bertan behera utzi gabe, ezertan eragin gabe.

Dena. Gauzak ondo egiten dakite eta ondo pasatzen dute. Guztia ematen dute. Teknikoki oso ondo.

Mezua daukate. Kantu onak dituzte, garapen eta aldaketa nabariekin. Asko transmititzen dute. Indarra daukate. Presentzia eszeniko indartsua. Benetan xarma daukate.

Lord Witch

Sinetsiak. Erabat sinisten dute egiten dutena eta hala bizi dute. Horregatik, asko transmititzen dute, ikusle-entzuleari heltzen zaio egiten dutena.

Estiloa muturreraino. Euren estiloa, heavya, muturreraino defendatzen dute. Koherenteak dira. Birtuosoak dira, oso ondo jotzen dute.

Taldea. Taldea dira, oso konpenetratuta daude. Taularatze oso zaindua, detaileak asko zainduta. Zuzenean asko irabazten dute eta ikuskizuna ematen dute, ikuskizuna dira. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak