Elgetatik sartu eta Leintz Gatzagatik aterako da Korrika 17 guretik, datorren apirilaren 14an

Oihana Elorza Gorostiza 2010ko abe. 20a, 10:31

Debagoieneko herri guztietatik pasako da Korrika 17, egun berean gainera, apirilaren 14an. Elorriotik Elgetara etorriko da eta bailarako herri guztiak antxintxika zeharkatu ostean, Leintz Gatzagara helduko da 14:00ak aldera. Araban sartuko da gero eta Gasteizerako bidea hartuko du. Guztira zortzi ordu inguru egingo ditu gure bailaran eta 71 kilometro ofizial zapalduko ditu.

400 euro kilometroa

AEKko Gipuzkoako arduradun Oskar Elizbururen esanetan, datorren urtarrilean hasiko dira herri batzordeak osatzen. "Gipuzkoako Korrika arduradunen bilera urtarrilean izango da, eta horren ostean hasiko gara herri batzordeak sortzen. Kilometroak saltzen ere orduan hasiko gara. 400 euro balio du bakoitzak eta erosteko bideak betikoak dira: AEKko euskaltegira deitu edo herri batzordeak egiten direnean arduradunari esatea", zehaztu du Elizburuk. "Batzorde horietan erabakiko da herri bakoitzean zer eta nola egin, eta noski, laguntzaileak edozertarako onartuko ditugu: kartelak jartzeko, Korrika laguntzaileak egiteko ..." jarraitu du Oskar Elizburuk.

Hain justu, Korrika laguntzaile kanpaina martxan da dagoeneko eta materiala ere salgai dago AEKko euskaltegietan. Materialaren lehenengo multzoa da, "oso arropa erakargarria", Elizbururen esanetan. Santamas egunean, gainera, postu bat jarriko dute Arrasateko plazan, talogileen ondoan.

'Euskalakari'

Maitatu, ikasi, ari ... euskalakari lelopean abiatuko da Korrika 17 Trebiñutik 2011ko apirilaren 7an, eta Donostian bukatuko da apirilaren 17an, bi mila kilometrotik gora egin ostean. Aurten Euskaltzaindia omenduko du. "Bada garaia bere lana herri mugimenduak onartzeko", Edurne Brouarden esanetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak