Debagoieneko ezker abertzaleak giza kateak egin ditu asteburuan

Arritxu Barruso 2010ko abe. 19a, 13:08

'Orain legalizazio' lelopean Bergaran, Arrasaten, Aretxabaletan, Eskoriatzan eta Oñatin giza kateak egin dituzte aste bukaera honetan. Prozesu demokratikoan urrats bat gehiago emateko hurrengo asteetan independentista eta sozialista guztiak batuko dituen alderdi berria sortuko duela azaldu du ezker abertzaleak: "Alderdi politiko berria legaztatzera goaz Madrilera, baina Madrilek ez du ezer oparitzen; ezker abertzalearen legeztapena Euskal Herrian lortu behar dugu".

Ezker abertzaleak Bergaran egindako giza kateak bi geldialdi izan zituen. Lehenengoa Jose Luis Elkororen etxepean izan zen eta bertan testu bat irakurri zuten: "Atzera begiratzeak aurrera nola egin erakusten digu. Jose Luisengatik ikasi dugu irabazi arte borrokatu behar dela. Gaur ezinezkoak diruditen garaipenak, bihar errealitate izan daitezke. Ikurrinaren legeztatzea eta Jose Luisen etxeratzea lortu genuen bezala, indarrak batuta ezker abertzalea legeztatzea ere lortuko dugu". Elkoro bera balkoira irten zen, giza katea agurtu zuen eta hunkituta abestu zuen Telesforo Monzonen Batasuna abestia.   

Hain justu ere, bigarren geldialdia Telesforo Monzon jaio zen Olaso dorrean egin zuten eta Monzonek Euskal Herriaren alde egindako lana azpimarratu zuten: "Ezkertiar eta abertzaleak batu zituen Herri Batasunaren sortzaile eta buru izan zen bere heriotzara arte".

Bergarako giza katea Telesforo Monzonen Batasuna abestia kantatuz amaitu zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak