Egurrak Danbakan metal du izen

Jon Berezibar 2010eko abenduaren 18a

Bazterrak astintzera etortzen diren taldeek eman ohi dute arreta Danbakan. Metalik bortitzenetik, rockik egoskorrenera, gitarra gihartsuak izan ohi dira jaun eta jabe Espaloian. Guda, hortaz, gitarrak ezpata hartuta, biren artekoa izan da gaur: Dark Code, infernutik bertatik letaginak erakutsiz versus Asfiksia, temati, irmo eta jarrera handiarekin, amorrua. Tartean The Kubersekoak izan ditugu, emakume ahots bikainarekin baina gudaren erdi erdian.

Eta honekin astelehenera arte. Goiena paperean finalistak eta kronika eta argazki guztiak. Alea iacta est.

Dark Code

IMG_0172

 

Lagunek lehen lerroak ondo beteta epeltasun nahikoarekin hasteko moduan egon dira Dark Codekoak. Lagun onek lehen-lehen lerroak bete ohi dituzte eta hauek lagun fin finak dira; pankarta eta guzti agertuta. Hala, bonbo bikoitzak gerturatu gaitu infernuko ateetara gitarren trumoi eta abeslariaren kolkoaren barren ilunenetik aurrera. Gitarra murru zorrotz eta astunek mugatutako ordu erdiko infernua izan da Dark Codekoena, inframundua modurik gozagarrienean ulertuta, noski. Esan bestela zaleei, lehen unetik elkarri bultzaka, tximak astinduta eta izerdia botatzen ibili diren horietxek, bai. Bejon degiela. Ametsgaiztoetako eztandak atsedenerako une gutxi izan ditu, ondo arduratu dira horretaz kide guztiak; agian, birtuosismotik hurrun baina zarataz izutzeko asmo betez. Momentu melodiko hunkiberagoekin eta punteo luzekin goxatu dute, baina, apur bat infernuan beherako bide malkartsua. Gaztetxoak izanik ere metalik zorrotzenak laztutako nerbioa erakutsi dute. Eta, ikusleek saririk balute, Dark Codekoen zaleei txapel guztiak, ze borroka koreografiatuak eta guzti eskaini dizkitute. Ikuskizun bikaina oholtza gainean zer esanik ez, Satan bera harrotzeko modukoa, eta oholtza aurrean, deabruzko jaia.

IMG_0180

 

The Kubers

IMG_0251

Lan nekeza izan da Kubersekoentzat aurrekoek aske utzitako deabru guztiak bidaltzea. Monicaren ahotsa izan da exorzitzailea hein handi batean, goxotasunez, hasieran, indarra neurtuz, hazten joateko, gero.  Pop-rockak berak eraman zaitzakeen biderik ezagun eta bisitatuenetatik dabiltza hauek, formazio klasikoa eta egitura ohikoak baina gitarra eta baxuak oinarri sendo eta tinkoa emanda, neurriz kanpoko distortsio barik. Gauza bakoitza bere tokian eta estilo aldetik arrisku gutxirekin. Nirvana, Muse edota The Cramberries aitatzen dituzte gustukoen artean baina hauen bidea lauagoa begitantzen zaigu. Hala ere, eta Danbakan ohikoa den bezala, teknikoki aitzakia gutxi, behar bezalako kontrola, ondo kalkulatutako abestiak eta instrumentuak txukun. Hori bai, leku komun larregi.

Monikak du taldean ostu ezin zaion protagonismoa eta akustikoarekin bakarrik aretoaz jabetu denean garbi geratu da hori. Baina esan moduan, taldeak osotasunean aitzakia gutxi du eta beroketa lanak bikain eginda etorri dira Espaloira. Bukaeran hori bai ezustekoa etxafuega batzurekin. Bitxia.

Asfiksia

IMG_0328

Hasi eta berehala datozki euskal metalaren labeldun talderik ezagunenak, ahotsa bai eta planteamendu ere bai. Deigarria baina bateriaren tinkotasun guztiz fisikoa, izaera berezia ematen diena.

Bestela, espero bezala deskarga sekulakoa, Dark Codekoendako gerra deklarazio garbia. Hauek melodia dute aldeko eta gitarra zorrotz zorrotzak. Grina, amorrua eta indarra. Hor irabazi dute, Latzen eta Su ta Gar taldeetatik asko edanda, itotzeko adina.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak