Errege Kabalgata antolatzeko laguntza eske

Ubane Madera 2010ko abe. 17a, 09:54

Azkenaldian zurrumurrua zabaldu da aurtengo Errege Kabalgata ez ote den azkena izango, talde antolatzailea nekatuta dagoelako hura antolatzen. Bada, oraingoz, ez da horrela: "Arrisku-arriskuan ez nuke esango dagoenik, baina bai falta da belaunaldi aldaketa", adierazi du Aitor Izagirrek, kabalgata antolatzen duen taldeko kideetako batek. 

Urte batzuetara, zalantzak

Hark kontatu du hamar urte daramatzala talde berak kabalgata antolatzen, eta dagoeneko nekatuta daudela: "Historikoki hainbat taldek antolatu izan du: Sendotza taldeak, aisialdi taldeek, Galtzagorri taldeak, katekistek… baina azken urteotan ez dago erreleburik. Betikoak gaude, eta ikusten da jende berriaren beharra dagoela. Hala, jendeari parte hartzeko deialdia egin gura diogu, ze, bestela, urte batzuetara ez dakigu-eta zer gertatuko den". Hauxe ere gaineratu gura izan du, jendea animatzeko: "Urtero-urtero oso ondo pasatzen dugu, oso gauza polita izaten da eta umeek asko gozatzen dute".

Ibilbide aldaketa

Horren adibide da iaz, esaterako,  kabalgataren marka hautsi eta 80-90 bat neska-mutikok parte hartu zuela, eta kabalgata bera ikusten ere jende asko egon ohi dela urtero ibilbidean. 
Azken horren harira, Izagirrek kontatu du aurten kabalgataren ibilbidea aldatu egin behar izan dutela: "Krisi urteak dira eta gurean ere halaxe izango da eta, ondorioz, ibilbidea motzagoa izango da. Iturbidetik irtengo gara, baina San Andresera joan beharrean Maalako biribilgunerantz egingo dugu, handik Okoretegiko biribilgunera, gero Seber Altubera eta handik plazara. Eta plazan agurra. Betiko moduan, 19:00etan irtengo gara".

Urtarrilaren 3an  

Krisiak krisi, "sorpresaz" beteriko kabalgata iragarri du, karroza ere "oso-oso polita" izango dela adierazi du eta hainbat hitzordu ere egin ditu: "Urtarrilaren 3an San Viatorko patioan, paper banaketa egiteko: laguntzaile, morroi (paje), danbor-jole… 19:00etan. Edozein adinetako pertsonendako deialdia da; bestalde, abenduaren 27an, 28an, 29an eta 30ean eta urtarrilaren 3an eta 4an abesbatzaren entseguetarako hitzorduak egin ditugu. 18:00etan abadetxean. Adin guztietako neska-mutikoei zuzenduta".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak