Hauteskundeei begira alderdia sendotzea dela asmoa azaldu du Hamaikabatek

Arantzazu Ezkibel Galdos 2010ko abe. 16a, 13:02

Gipuzkoako Hamaikabatek hilero egiten duen lurraldeko batzar orokorra Debagoienean egin du oraingoan; Eskoriatzan, hain zuzen. Gipuzkoako presidente Martin Beramendi, Aldundiko Ogasun diputatu Pello Gonzalez, Batzar Nagusietako presidente ohi Leire Ereño, Gizarte Gaietako diputatu Maite Etxaniz eta Debagoieneko koordinatzaile Juan Karlos Bengoa izan ziren batzarrean, besteak beste.

Urtebeteko lana

Urtebete da Hamaikabat taldea sortu zutela. Horren harira, balorazio positiboa egin du Bengoak: "Nahiz eta alderdi berria izan, gure jendea lehen EAn zegoena da. Esperientzia handiko jendea eta lan handia egindakoa da". Eraikitzen eta hazten ari den alderdia dela gaineratu zuen Bengoak. "Alderdiko egiturak sendotu, Gipuzkoa mailan egitura handitu eta jendea erakartzea da asmoa", azaldu zuen.

Erronka: langabezia

Martin Beramendi Gipuzkoako presidenteak Hamaikabatek Debagoienerako dituen asmoak azaldu zituen: " Krisi garai honetan langabeziari aurre egitea da erronka nagusia, Gipuzkoa osoan bezala. Guk baditugu ardurak Gipuzkoako Foru Aldundian, bai ogasunean, baita gizarte gaietan eta baita berrikuntzan ere. Hiru sail horietatik ahalik eta ekimen handienak egiten ari gara: poligono berriak sortu, enpresak lagundu…".

2011n hauteskundeak

"Hamaikabaten asmoa EAJrekin aurkeztea" izan den arren, EAJk uste du Hamaikabat "hauteskundeetan kontrastatuta ez dagoen" alderdia dela; horregatik, bakarrik aurkeztuko dira. "Gure lana alderdia indartzea da udal hauteskundeei begira. Dagoeneko 20 hautagai inguru aurkeztu ditugu", dio Bengoak. Beramendik hau gaineratu du: "Abertzaletasuna sendotu egin behar dela esan dugu behin baino gehiagotan. Politika ezin da muturretatik egin".

Bakea lortzeko ahaleginak

Beramendik argi dauka bakea lortzeko ahaleginean ezin dutela ez ikusiarena egin edo eskatu behar direnak ez eskatu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak