Udazkeneko goizik hotzena (-5,5 ºC Aramaion) neguaren atarian

Jon Berezibar 2010eko abenduaren 16a

Udazkeneko gaurik hotzenetakoa izan dugu bart eta datozen orduetan ere merkurioak oso gora egiteko modurik ez du izango iragarpeneri begira; asko jota 6 graduko maximoak izango ditugu gaurkoan. Tenperatura horri baina ziurrenik goxo eta guzti eritzi diote gaur Aramaion goizean goiz etxetik irtendakoek, zero azpiko 6 graduko tenperaturak jasan izan behar izan dituzte-eta goiztiarrenek. Izotza gora-behera, eragozpen nabarmengarririk ez da gertatu goizean zehar eta Arrasaten, Oñatin eta Elgetan soilik bota dute izotza kentzeko gatza. Hori bai, biharko elurra espero da.

Errekorrak gaur gauean goialdeetan. Arantzazun, esateko, zero azpitik 5 ºC  izan dituzte goizeko lehen orduetan; Leintz Gatzagako udaletxean jasotako marka berbera. Aramaioarrek jasan dute baina hotzik handiena -5,5 ºCko tenperaturarekin goizeko 9:00ean, udaletxean esan digutenez. Aparteko arazorik ez, baina.

Izotza eta gatza

Hotza bai, baina prezipitaziorik ezean izotzak  ez du nabarmentzeko moduko eragozpenik sortu. Oñatin, Elgetan Arrasaten (kalealdean zein auzoetan), bada ezpada ere, gatza bota dute udaltzainek lehen orduan. Elgetan 06:00etan hasi dira gatza botatzen baina bitxia da Fernando Zenitagoia brigadetako buruak dioena, "seguruenik Arrasaten Elgetan baino izotz gehigo egin" duela.

Bergaran ez dute gatzik bota baina prest dauzkate Labegaraietako biltegian Astigarragatik ekarritako 4 tonak eta behar izatekotan auzoetan ere daukate gatza banatuta. Antzuolan ez dute, elurrik ezean, gatzik botatzen, zoruarentzat txarra dela baitiote. Hala ere, egurrezko zubiak itxi egin dituzte izotza desegin artean. Gainontzeko herrietan ere ez dute gatzik bota beharrik ez dutelako sumatu.

Biharko prestatzen

Goizaldeko ipar-haizea aurrerantzean menbedal ukituarekin hasiko da jotzen eta horrek tenperaturen zertxobaiteko gozatzea ekarriko du, gutxienez bai behintzat gradu bat edo bikoa. Arratsaldean baina zerua aldea goibeltzen hasi eta baliteke prezipitazio txikiak izatea. Gauerako eta bihar goizerako elurra espero da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak