Ezinduentzako txartel berria

Irati Goitia 2010ko abe. 14a, 17:16

Aparkalekuetarako ezinduentzako txartel eredu berria banatzen hasiko da Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Gaietako saila urtarrilean.

Jaurlaritzak txartel berria ateratzeko erabakia hartzearen arrazoia da azken urteetan kexa asko jaso dituela ezinduen erakundeetatik, udaletatik, gizarte-zerbitzuetatik eta baita udaltzaingoen eskutik ere.

Txartelaren erabilera desegokiaren kasu ohikoenak dira jatorrizko txartela faltsutzea edota agiria ahaideei eta senitartekoei lagatzea.  Horren harira Oñatiko udaltzaingotik berretsi digute asko izaten direla ezinduen aparkalekuetan aparkatzeagatik jarritako multak, eta, bestalde, familiakoek beraiek ere txartelaren erabilera ezegokia egiten dutela.

Horrela, Gizarte Gaietako sailetik gogorarazi dute dokumentua pertsonala eta transferi ezina izateaz gain, erabiltzaileek aparkalekuak ezinbesteko denboran erabili behar dituztela bakarrik, aparkalekuen txandatzea ziurtatzeko.

Aldaketen helburu nagusia da segurtasun-elementuak handituta faltsutzeak saihestea eta baita zirkulazio-araudiaren erabilera egokia bermatzea ere.

Aldaketak txartelean nahiz hori babesten duen plastikoan egin dituzte. Hala ere, berrikuntza nagusia da ezinduak nazioartean identifikatzen dituen ikonoa material holografiko batekin egin dela. Horretaz gain, txartel bakoitzari serie-zenbaki bat gaineratuko zaio pertsonalizatzeko, eta, gehigarri gisa, udal bakoitzak bere erregistro-zenbaki propioa jarri ahal izango dio.

Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak aparkatzeko 12.000 txartel berri argitaratuko ditu. Onuradunek urtebeteko epean ordezkatu ahal izango dituzte txartel zaharrak eta trukean udalek banatuko dituzten berriak jaso. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak