Danbakako finalaren atariko azken emanaldia egubakoitzean Espaloian

Amaia Txintxurreta Guridi 2010ko abe. 14a, 15:09

Dagoeneko 15 talde igaro dira Espaloia Kafe Antzokitik eta egubakoitz gauean azken hiruren txanda izango da.  Hiru t estilo ezberdineko taldeak dira Espaloian izango ditugunak: Dark Code bergararrek death metal melodikoa egiten dute; Kubers arrasatearrak pop-rock estilotik hurbil daude eta Asfiksia oñatiarrek heavy-rockari heldu diote euren abestietan.

 

Egubakoitzeko kontzertuan, bigarren eta hirugarren taldeen emanaldien bitartean, zozketa egingo dute Espaloiako ikusleen artean. Hain zuzen ere, tatuaje-bono bat zozketatuko du Arrasateko Ganesha Tattoo dendak. Emanaldirako sarrerak, ohi bezala, 5 eurotan izango dira salgai Espaloiako leihatilan. Gaztekutxarekin, 3 euroren truke eskura daitezke.

Astelehenean, finalistak

Astelehenean, hilaren 20an, GOIENA paperak emango du jakitera epaimahaiaren azken erabakia. Orduan jakingo dugu zein hiru talde sailkatu diren urtarrilaren 14ko finalerako. Bestalde orain arte Danbakan parte hartu duten taldeen zuzeneko emanaldiak ikusgai dituzue Interneten, ondoko helbidean: www.youtube.com/danbaka

Dark Code

Dark Code 2008ko udan sortutako taldea da. Aitor (gitarra eta ahotsa) Mikel (bateria), Elorza (gitarra eta koroak), eta Rodri (baxua). Nagusiki death metal melodikoa egiten dute, baina bestelako ukituak ere sartzen dituzte beraien kantuetan. Talde gaztea da eta ilusioz beterik aurkeztu dira Danbakara aurreneko aldiz. Hasieran gustuko taldeen bertsioak egiten bazituzten ere, beraien kantu propioak dituzte dagoeneko. Azken hilabeteotan gogor egin dute lan entsegu lokalean.

Kubers 

Monica Duran abeslari arrasatearrarekin batera, Roberto Torres (gitarra), Daniel Fernandez (gitarra), Francisco Serrano (baxua) eta Iker Argote (bateria) dira taldean. Monicak gitarra akustikoa jotzen du hainbat kantutan. Pop-rocka egiten dute eta gustuko taldeen artean Nirvana, Muse edota The Cramberries aipatzen dituzte. Bi urteko ibilbidea daukate eta aurten 15 emanaldi egin dituzte han eta hemen. Gogoz daude Espaloian jotzeko. Lagunak izango dituzte alboan.

Asfiksia 

Metallica, Megadeth eta bestelako taldeen bertsioak egiten hasi ziren oñatiarrak, orain dela lau bat urte. Ikasketengatik Jon Kortabarria bateria jolea Danimarkan dago eta Andoni Sasigain bergararrak hartu du haren lekua. Eneko Igartua, Unai Lete eta eta Harriet Aiala dira taldeko beste kideak. Aurretik Nade eta Lukrezia taldeetan ibilitakoak dira eta, esan bezala, heavy-rock estiloari eutsi dio Asfiksiak azkenaldian. Emanaldi indartsua iragarri dute gaurko.

Atom Rhumba, finaleko 'teloneroak'

Atom Rhumba talde ezaguna izango da aurtengo gonbidatua Danbakako finalean, urtarrilaren 14an. Bi urteko isilaldiaren ostean, Gargantuan Melee izenburuko diskoa kaleratu zuten urrian eta aurkezpen biran dira Atom Rhumbakoak; esan bezala, Gabonen ostean geldialdia egingo dute Elgetan. Finalaren ataria berotzeaz arduratuko da boskote bilbotar-nafarra (Joseba Irazoki eta Iñigo Cabezafuego dira azken fitxaketak).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak