Udalak eta merkatariek jantziko dituzte kaleak Gabonez

Krisi ekonomikoak oraindik eragin handia du, eta Gabonetako apaingarrietarako diru gutxi erabiliko dute aurten udalek.

Azken urteotako joera gastuak murriztea izan da, eta horri jarraituta, aurten ere udalek ahalik eta gutxien inbertitzea erabaki dute Gabonetako dekorazioan. Hala, aurten ez dute Gabonetako argirik edo dekoraziorik ipiniko Arrasateko eta Oñatiko udalek. Arrasateko Udalak iaz argi batzuk ipini zituen herriguneko kaleetan, baina aurten ezer ez ipintzea erabaki du, eta horrela gastu hori kentzea. Oñatiko Udalak, bestalde, iaz bezala, kale-argirik ez du ipiniko, baina, Oñatin urteetako ohitura denari eutsita, Foruen plazan pinua ipiniko du. Gaur, astelehena, edo bihar, martitzena, jasoko dute zuhaitza Udaleko langileek plazako bere betiko lekuan. Horrela, Oñatiko Udalak ere zuhur jokatu gura du, gastuari eusteko. Jose Mari Igartua Azpiegitura, Zerbitzu eta Ingurumen zinegotziak hauxe esaten du: "Egubakoitzean, hilaren 17an isiotuko ditugu argiok, eta urtarrilaren 9ra arte egongo dira isiotuta. Denetara, 7.000 euroko inbertsioa izango da; kale-argiak ipini izan bagenitu, 30.000 bat euro izango ziratekeen".

Krisiak bete-betean jo aurretik, Oñatin kale-argi eta apaingarri asko ipini izan ziren urte batzuetan. "Badakigu batzuei gaizki iruditzen zaiela Gabonetako argirik ez ipintzea, baina gastuak kendu behar dira eta horrela erabaki du Udalak aurten. Ea bada, datorren urtean zerbait hobeto dauden gauzak!", esaten du Igartuak.

Bergarako Udalak egingo du aurten Gabonetako apainketan inbertsio handiena, Debagoieneko udalen artean: 12.361,208 euroko aurrekontua du. Horrekin, udaletxearen aurrealdea, herriguneko kale nagusiak, Bolu auzoa, San Antonioko Jaiotza, azokaren eraikina, frontoia eta Domingo Irala parkea apainduko ditu led sistemako bonbilladun argi-arkuekin. Datorren egubakoitzean, hilak 17, piztuko dituzte argiak.

Gainerako udalek iaz bezala egingo dute; batzuek argi-apaingarriak ipiniko dituzte; beste batzuek, udaletxearen aurrealdean argiteria berezia; beste batzuek, zuhaitza…

Erakusleihoak laguntzen du
Merkatariek ahalik eta dotoreen jantziko dituzte erakusleihoak. Horrenbestez, kaleak girotzen lagunduko dute, eta bezeroen arreta erakartzea espero dute. Hori bultzatzeko eta eskertzeko ere, erakusleiho lehiaketak antolatu dituzte Arrasate, Bergara, Oñati eta Aretxabaletako udalek.

Erakusleihoak modu berezian janzteak laguntzen du bezeroak erakartzen, Bergarako Igarza lentzeria dendako Maria Eugeniak dioenez: "Jendeari gustatzen zaiola iruditzen zait. Dendariok ahalegin guztiak egiten ditugu erakusleiho politak ipintzeko". Eta jendea hasi da opariak erosten: "Gabon giroa badago, bai. Iaz baino lehenago hasi da etortzen jendea; ez dakit zergatik, baina horrela da. Hori bai, orain jendeak gehiago neurtzen du gastua, eta opari oso garestirik ez du nahi izaten". Urtea "nahiko ondo" bukatuko dutela esaten du Bergarako merkatari horrek.

Arrasateko Ikerne Herizek, JIFH jantzi-dendako ugazabak ere jantzi du erakusleihoa Gabonetako modura. Bere esanetan, "erakusleihoak laguntzen du" jendea erakartzen. Krisiaz galdetuta, esaten du "oraindik igartzen" dela. Hala, joan den astea makal samarra izan zen, "beharbada, zubi luzearengatik", dio. Berak urte eta erdi bakarrik darama dendarekin, hala ere, eta esaten du jendea oraindik hura "ezagutzen" dabilela.

Arrasateko Zarraoa lurrindegian iritzi berekoak dira, krisiari dagokionez: "Oraingoz, iazko antzera gabiltza", esaten du Miren Gallastegi arduradunak. Ohiturei dagokienez, esaten du "normalean, azken egunetan" joaten dela jende gehiena opariak erostera, eta "begiratu, ideiak hartu eta konparatu" egiten dutela bezeroek. 

Gallastegik ez dio garrantzi handirik ematen Arrasaten kale-argirik ez egoteari aurten: "Nik uste dut ez dela igartzen, bezero aldetik". Berak ere bereziki apaindu du dendako erakusleihoa: "Nik neuk erakusleihoei begiratzen diet, eta nire inpresioa da jendeak ere begiratzen diela".

Oñatiko Urtaza mertzeriako ugazaba Mari Terek ere ondo hartu du kaleetan aurten argi berezirik ez egotea: "Argiak merkatariok ipini beharko ditugu. Erakusleihoa guk apaindu behar dugu, bai; lehiaketa dago, gainera, eta horretarako ere saiatuko gara. Jendeak komentatzen du itxura polita izaten duela".

Aretxabaletako Belar Meta jantzi-dendako Idoia Elexpuruk aurtengo beste joera baten berri ematen digu: "Aurten, bezero askok esan didate lagun ezkutua egingo dutela eta 20-30 euroren bueltako opari bat gura dutela. Ideiak eskatzen dituzte". Aretxarte elkarteak ere antolatu du kale animazioa: gaztaina erreak debalde jasotzeko 750 txartel banatu zituen bere bezeroen artean joan den eguenean, eta berdin egingo du hilaren 16an eta 23an.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.