Sizilia, alderik alde

Goiatz Arana Begiristain 2013ko abu. 27a, 10:30

Horixe izan da Marc eta biok aurtengo oporretarako aukeratutako lekua. Orain bi urte ezagututako Erromak, Florentziak edota Veneziak duten xarmak erakarrita-edo, Italiara joan gara berriz, bai. Haiek moduan, zaharkitua, zikina eta zaindu gabea da Sizilia, mendebaldean, batez ere; baina bere horretan, hain justu, honek ere badu bere magia.

Zelebre antzean joan zitzaigun bidaia egiteko eguna. Dutxa hartu berri eta irteteko ordu pare baten faltan, txingorra hasi eta eta ziztu bizian atera ginen etxetik, geundenetan, autoa garajean sartzeko. Eta noski, giro hartan korrika egindako metro apurrak nahikoa izan ziren bigarrenez dutxatzeko, halabeharrez. Sikatu, lasaitu eta galdera: "Gure maleta honek ez ote du baimendutako gehienezko pisua gaindituko?". Hartu genuen baskula eta jarri genuen osaba gainean; bakarrik aurrena, eta gure maleta eskuetan segidan. Haiek barreak!

Goizaldean hartu genuen hegazkina Bartzelonan, aireportua gaueko lasaitasunean ezagutu eta gero. Eta behin Siziliara ailegatuta, joan ginen Palermo (hiriburua), Trapani, Monreale, Agrigento, Tenpluen Bailara, Realmonte, Siracusa, Noto, Catania, Giardini Naxos, Taormina eta Cefalura. Alokairuan hartutako Fiat Punto autoarekin zeharkatu genuen uhartea; hark eraman gintuen batetik bestera.

Palermo, Trapani, Noto, Siracusako itsas barrunbeak eta Cefalu:

Autoarekin bi begi ez, sei behar dira han, ordea; hori da hori gidatzeko modua! Eta hango kale estuak ikusita ulertu dut siziliarren gehiengoak zergatik egiten duen ibilgailu txikiaren aldeko apustua. Hiru erruberadun kamioitxoak ere dexente daude han eta hainbatetan saltoki funtzioa betetzen dute, gainera. 


Eta motorrari dagokionez esan behar iaioak direla bi lagun joan beharreko tokian hiru joaten.

Realmonten gorputza buztinez igurtzita ikusi dugu jende mordoa, azala fintzeko.

Gustura murgildu gara jende, kolore eta produktuz betetako kaleko merkatuetan, eta ikusi ditugu ezpata-arraina edota angulak!

Angulak ez, baina ezpata-arraina probatu dugu, baita barrua gorri kolorekoa duen laranjaren zukua ere, Siziliako sukaldaritzan oso ohikoak diren aranciniak ere bai, eta azkenean baita hainbat terrazetan ikusi eta gero fitxatuta genuen Moscatel Spritz cocktaila ere!

Etna sumendira egindako irteerak ezohiko paisaiez gozatzeko aukera eskaini zigun, baina oroitzapen bereziagoak utzi dizkigu Tenpluen Bailarak. Txominek arrazoi zuen, Imanol!

Zalantza barik gehien entzun dugun hitza prego izan da. Eta horrek gogora ekarri dit nola nire ahizpetako batek gizon bati esan zion behin: "Por favor, no me digas tantas veces por favor".

Katalunian geldialdia

Siziliatik bueltan, Katalunian eman ditugu egun batzuk. Ilobak, Marc eta Laia, irrikaz zeuden, noiz iritsiko. Ez genien opari handirik ekarri, katilu bana baino ez, baina nahikoa! Afalorduan bertan estreinatu zituzten, amonak egindako fideo zoparekin, eta esango nuke gutxitan izan dutela zopa hartzeko halako gogoa. A ze bi! Eta behin tripa beteta, ohera, hurrengo eguneko Laiaren urtebetetze festarako indarrak hartzeko.

Gure buruari ere egin diogu oparia: baxua jotzen duen musikaria. Lanpara bat da eta Pablo du izena. Egindako lan bakoitzari izen bat jartzen dio Giuseppe Giuffrida egileak eta izen horrekin bataiatu ei du gure hau. Noiz iritsiko zain gaude. Aste honetan ez bada hurrengoan hemen behar du!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak