Bergara-Aloña: derbia, hutsean

Tenperatura 0 graduren bueltan izan dugu asteburuan eta husnako emaitzarekin amaitu da gaurko derbia, Aloñak eta Bergarak ikusle gutxiren aurrean Agorrosinen jokatutakoa.

Atzean geratu dira garai bateko derbiak, herri bateko zein besteko zale ugari batzen zituztenak. Krisia erregional mailako futbol zelaietara ere iritsi da nonbait. Zapatuan Agorrosinera hurbildutakoek ez zuten ezta golen arrimuan berotzeko aukerarik izan. Partiduak hotz utzi zituen talde bietako zaleak. Baina hotza ez zen izan partiduko protagonista bakarra. Berdegunea bigunegi, eta lokatza astunegi zegoen futbolean jokatzeko eta nahikoa lan zeukaten jokalariek korrika egitearekin bakarrik. Gauzak horrela, baloia ondo bideratzea artisten kontua zen. Auzi horretan Ilzarbek erakutsi zuen trebeziarik handiena; bolada onean da Bergarako erdilaria.   
Bi entrenatzaileak bat etorri ziren partiduaren amaieran balorazioa egiteko orduan. Oskar Maiztegi mahoneroen entrenatzaileak eta Aloñako Pablo Diezek ontzat eman zuten berdinketa: 0-0. Derbietan maizegi errepikatzen den emaitza. Joko oneko partiduak ere ez dira izaten. Horixe bera gertatu zen zapatuan baita.
Bergarak hasiera ona eman zion partiduari. Hasierako minututan bi gol aukera izan zituen etxeko taldeak: Arazkonagak gogor astindutako falta bat ukabilez urrundu zuen Mikel atezainak eta Ilzarberen errematea gutxigatik joan zen kanpora, ezkerreko postearen ondotik. Lehenbiziko zatian Palaciosen hanketan izan zuen Aloñak gol aukera ona, 25. minutuan, baina Oñatiko erdilariak gehiegi gurutzatu zuen baloia.

Joko biziagoa bigarren zatian
Atsedenaldiaren ondoren, jokoa zertxobait biziagoa izan zen. Bazirudien azkenik berotzen hasiak zirela jokalariak. Jokoa biziagoa zen; horren lekuko, Navasek 6. minutuan area marraren ingurutik egindako txilena; dotorea baina emaitzarik gabe.  Edozein modutan, zaleen eskuak berotzeko aitzakia: txaloak.
Aloña ez zen atzean geratzen eta Roberto Idigoras kapitainak bi gol aukera izan zituen jarraian: lehenbizikoan, ezkerraldetik barneraldia egin zuen, Bergarako bi defentsa atzean utzita baina haren erdiraketa Lopez atezainak harrapatu zuen. Handik hiru minutura, area txikian jaso zuen baloia Idigorasek baina berriro ere Lopez atezainarekin egin zuen topo.

Gol aukera aparta Bergarak
Bergarak izan zuen partiduko gol aukerarik onena, 64. minutuan. Eloy Crespok eskumaldetik barneraldia egin eta bakar-bakarrik, atzetik zetorren Macho aurrelariari eman zion baloia, baina Macho ez zen gutxigatik iritsi. Machoren alboan korrika etorritako Ilzarbek jaso zuen baloia, oso behartuta baina, eta haren erremateak postean jo zuen. Partiduko jokaldirik onenetakoa izan zen, saririk gabekoa ordea. Etxekoen azken aukera Martin Ibañezek izan zuen, 75. minutuan. Area barruan kontrol polita egin zuen, tartean Macho taldekidea jarri zitzaion eta bien artean zapuztu zuten aukera. Errematatu zuenerako gainean zuen Mikel atezaina.
Partidua hasierako emaitzarekin bukatzear zihoanean, Aloñak beste abagune bat izan zuen, Idigoras kapitainaren ordez zelairatutako Iñigo Agirreren bitartez. Oñatiko aurrelariak area txikian jaso zuen baloia eta haren errematea gutxigatik joan zen kanpora. Gehiegizko saria izango zen oñatiarrentzat.
Esandakoa: joko gutxi eta golik ez. Gauzarik onenak Ilzarbek egin zituen zapatuan. Bi hankekin primeran moldatzen da bergararra; driblina dauka eta luze jokatzeko ere gauza da. Alboan dituen jokalariak ahaztu gabe, bera dugu taldea gidatzen duena, eta arrisku gehien sortzen duena, ezkerraldetik nagusiki. 20 urterekin, taldeko beteranoetako bat dugu honez gero eta mahoneroendako seinale ona litzateke bolada onari eusten badio. Gaur egungo futbolean jokalarien zenbakiekin; bingoan bezain aukera zabala dago. Hala ere, Ilzarberen kasuan bezala, justifikatuta dago zenbait jokalarik 10a eramatea bizkarrean.

Aloña, zulotik atera nahian
Amaieran, esan bezala, bi entrenatzaileak konforme berdinketarekin. Bergara sailkapenaren erdialdean dago, 18 punturekin, eta Aloñak zuloan jarraitzen du, 12rekin. Edozelan ere, arnas pixka bat hartuko zuten oñatiarrek derbiaren ostean. Gol gehien jaso duten taldeen artean dago Aloña eta gutxienik atea hutsean mantendu zuten Agorrosinen. Pablo Diezek adierazi bezala aste zaila izan dute Oiartzunen aurkako porrotaren ondoren. Taldearen konfiantza indartzeko sikiera baliagarria izan zen derbia. Zaleek, berriz, nahiago izango dute ikuskizun politagoa hurrengo baterako. Eta golen arrimuan berotzen badira, hobe. Hurrengo astean Bergarak Hondarribian jokatuko du eta Aloñak Tolosa hartuko du etxean. Ea talde biek... eta tenperaturak gora egiten duten.

HAMAIKAKOAK

Bergara: Lopez, Elorriaga (Longares, 66. min.), Nafarrate, Arazkonaga, Arruti, Agirre, Iñurrieta, Crespo (Azpiazu, 65. min.), Ilzarbe, Macho (Juaristi, 86. min) eta Navas (Ibañez, 60. min.).
Aloña: Mikel, Endika, Olalde, Iker Agirre, Mendoza, Bernal (Xabi Agirre, 83. min.), Zubia, Juaristi (Unai Arregi, 76. min.), Jon Igartua, Palacios eta Idigoras (Iñigo Arregi, 70. min.).
Epailea: Antoñana, Taberna eta Machin marrazainen laguntzaz. Arazorik gabeko partidua. Ilzarbek ikusi zuen txartel hori bakarra.
Bestelakoak: Jende gutxi Agorrosinen. Hotza izan arren (8 gradu inguru) talde bietako jokalariak, atezainak barne, manga motzeko kamisetekin aritu ziren.

ENTRENATZAILEEN IRITZIAK

OSKAR MAIZTEGI, BERGARA: "Zelaiaren egoerak baldintzatu du nolabait partidua... Dena dela, biok ere aukerak izan ditugu gola sartzeko, baina berdinketa justua dela esango nuke. Indarreko partidua izan da. Ea poliki-poliki goraka egiten jarraitzen dugun".

PABLO DIEZ, ALOÑA: "Derbi tipikoa izan da. Ondo ezagutzen dugu elkar eta guretako garrantzitsua zen ez galtzea gaur. Emaitza justua dela uste dut. Aste zaila izan da guretako Oiartzunen aurka 1-4 galdu eta gero; oso pozik nago jokalarien jarrerarekin".

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.