Jesus Mari Herrasti 'Sardan': "Bartzelonatik ere etorri izan zaizkit patxarana erosteko asmotan"

Lander Muñagorri 2010ko abe. 8a, 07:00

Jesus Mari Herrasti aretxabaletarrari bere aitak hala esaten omen zion: "Saltsa guztietan sartuta, gosea besterik ez duk pasako!".

Kasu handirik ez zion egin, eta herriko hamaika ekimenetan hartzen du parte. Izan antolakuntzan ala norgehiagokan. 37 urtez Coprecin lan egin eta gero, egun erretiroa hartuta dago, baina emaztearen Cafe la Brasileña kafetegian laguntzen du. Pertsona batzuk ez dira geldirik egotekoak!

Mendizalea omen zaitugu oso. Logroño inguruan egiten den Valvanerada martxan hartzen duzu parte; erretiroa hartu zenuenean estreinakoz. Lehenago hasterik ez?
Lagun batek esan zidan "zu beti mendira joan bai, baina ez duzu sekula martxa handietan parte hartu". Jubilatu ostean hasi nintzen preparatzen, eta orduan joan nintzen estreinakoz, orain hiru urte.

Nolako ibilbidea da?
Gogorra. 60 kilometro inguru ditu, eta gehiena Santiagoko bidean egiten bada ere, azken zatia da gogorrena. Gauez egiten da gainera, arratsaldeko 8etan hasi eta 12 ordu inguru behar dira amaitzeko.

Gaupasa egiteko beste modu bat.
Kalean gainera animazio handia egoten da, parrandan dagoen jendeak animatzen gaitu.

Etxean ere ibiltzen zara mendi martxa antolatzen, ala?
Fundatzaileetako bat ere banaiz. Bi urterik behin antolatzen da mendi martxa, baina orain Murrukixo mendizale elkarteak hartu du horren ardura. Laguntzera joaten naiz, bidea markatzen-eta, baina parte hartzera ez. Nire kasa ibiltzen naiz orain, bazkalondoren, beti. Orain gainera perretxiko garaia izaki...

Perretxikuak bakarrik ez. Basaranetan ere ibiltzen zara...
Bai. Basaran denboraldia hasi aurretik gainera loreak zelan dauden begiratzen ibiltzen naiz. Argazkiak ateratzen dizkiet, jakiteko zein lore den ona eta zein ez. Ondoren fruitua hartzeko garaian ere batean eta bestean begira aritzen naiz basaran onenak bilatzen.
Patxarana egiteak bere lana eta sakrifizioa eskatzen du-eta.
Noski. Gainera patxaran guztiak ez ditut garai berean egiten, lehenengo bat egiten dut, gero bestea. Basaranak ere garai ezberdinetan biltzen ditut, eta horren arabera ezberdina ateratzen da patxarana. Botila bakoitza etiketatu egiten dut jakiteko noizko frutarekin eta zein anisekin eginda dagoen.

Horrenbesteko patxaranzalea zara ala?
Nik patxarana gutxi edaten dut, gehienbat lehiaketarako egiten dut. Aretxabaletako lehiaketa hiru bider irabazi dut, 2004, 2005 eta 2006an; bigarren bi bider sailkatu naiz, eta hirugarren behin. Jende asko etortzen zait patxaran eske, behin Bartzelonatik ere etorri zitzaizkidan, baina nik ez dut saltzen. Eman agian bai, baina hortik aurrera...

Espainian ere ezaguna zara ala? TVEra joan zinenean 'patxarangile' bezala izendatu zintuzten...
Identity saioan izan zen. Hainbat pertsonaren artean parte hartzaileek asmatu behar zuten bakoitzak zer egiten duen. Esan zuten: "patxarangilea da", eta asmatu egin zuten ni nintzela.

Patxarangilea zarela ikusiko zaizu aurpegian!
(Barre). Ez dakit, hark hala esan zuen, bere aitaren antza hartzen zidala...

Gabonak hurbiltzen ari direla, Olentzero gisa ere aritzen zara. Hautsa kentzen hasi al zara jantziari?
Beti daukat preparatuta. Aurten oraindik ez didate esan, baina pentsatzen dut han ibiliko naizela. Haurrak ere kontrolatzen hasi naiz, badakit zer behar duen bakoitzak. Asto gainean joaten naiz eurengana. Badakizu saltsa guztietako perrexila omen naiz eta...

Perrexila ez dakit, baina garoa jartzen ibiltzen zara San Juan bezperan ere...
Asko dakizu zuk! Hori sekretua da baino... Luis Mari Otxoa eta ni ibiltzen gara. Orain dela hiru urte hasi ginen Aretxabaletako etxe guztietako portaletan garoa jartzen. Gurutzeak ere jartzen ditugu atari batzuetan. Ohitura zaharra berreskuratzeko asmoarekin egin genuen, borondateagatik egiten dugun zerbait da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak