Amatxorekin eta aitatxorekin dantzan

Arritxu Barruso 2010eko abenduaren 5a

Gurasoak eta seme-alaba txikiak gorputza mugitu eta elkarrekin ondo pasatzeko elkartu ziren joan den zapatuan (azaroak 27) Aretxabaletan.

Venezuelako Magdalena Milano irakasleak proposatutako doinu afrikarrekin eta, batez ere, imajinazioarekin ederki asko ibili ziren ordu eta erdiz. Horixe zen dantza saioaren helburua, musikaren eta dantzaren bitartez guraso eta umeak elkartzea, elkarren arteko harremana sustatzea eta, bide batez, erritmoa garatzea ume eta gurasoengan.

'Egizu dantza zure haurrarekin'
Joan den asteburukoa proba-saioa izan zen. Aretxabaletako Jaiki elkarteak Egizu dantza zure haurrarekin ekimena ipini nahi du martxan urtarriletik aurrera. "Gure asmoa da dantza saioak astean behin izatea. Seguruenik zapatuetan izango dira, astegunetan gurasoak lanpetuta ibiltzen dira-eta. Zapatuko saiora joan zirenei asko gustatu zitzaien ekimena. Umeekin batera ondo pasatzeko modua da. Herrian ere zabaldu da berria, eta, beharbada, bi talde egin beharko ditugu", azaldu digu Jaiki elkarteko Maier Etxebarriak.

Naturarekin kontaktuan
Milanok 20 urte daramatza Euskal Herrian eta urte hauetan guztietan dantza irakasle lanetan ibili da: "Jatorri afrikarreko musika latindarra lantzen dut. Musika hori gustatzen zait lurrarekin eta naturarekin oso lotuta dagoelako, eta hori transmititzen ahalegintzen naiz", esan digu.

Dantza eskolak urtarrilean hasiko dituzte. 2 eta 4 urte bitarteko umeendako izango dira eta Milanok gogorarazi du amak bezain ongietorriak izango direla aitak ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak