Urtarriletik aurrera sindikatuak Bergaran duen egoitzan etorkinei bideratutako bulego bat zabaltzeko asmoa daukate. Astean behin eskainiko dute zerbitzua, eguazten arratsaldeetan, hain zuzen, eta Tania Cañas bera han egongo da.
Bergaran zabalduko duzuen bulego honetan, zein zerbitzu jasoko dute etorkinek urtarriletik aurrera?
ESK sindikatuak Bergaran duen bulegoan egongo gara astean behin etorkinei harrera egiten. Egun horretan etorkinen aldarrikapenak jasoko ditugu. Besteak beste, lan eskubideen, sustraitze sozialaren eta erregimen orokorraren inguruan. Horretaz gain, informazioa ere eskainiko diegu, jakin dezaten zein den jaso beharko luketen gutxieneko soldata, oporrak, ordutegiak eta beste hainbat eskubide. Horretaz gain, bailaran etorkinen egonezin eta salaketak bideratzen dituen beste pertsona batzuekin lan egiteko asmoa ere badaukagu. Era horretan, salaketarako sare bat osatu nahiko genuke. Baina eskubide urraketak gerta ez daitezen, prebentzioan sakontzea ere gure helburuen artean dago. Jardunaldi hauek, esaterako, asmo horrekin antolatu dira, eta urtarrilean ere beste jardunaldi batzuk egingo ditugu.
Eskualdeko immigrazioaren tipologia nolakoa da?
Bailara hau oso gune interesgarria dela iruditzen zaigu; izan ere, Debagoieneko biztanleriaren %4,9 etorkina da. Multikulturalismoa eta pertsonen eskubideak garatzeko leku aproposa dela iruditzen zaigu. Tipologiari dagokionez, Gipuzkoarekin alderatuz gero ezberdina da. Gizon-emakumeen arteko orekari dagokionez, antzeko mailan daude bi generoak. Hala ere, egiten dituzten lanak Euskal Herriarekin eta Espainiarekin alderatuz gero antzekoak direla esan behar da. Hau da, gizonek eraikuntzan egiten dute lan eta emakumeek, berriz, etxe zerbitzuan eta ostalaritzan. Etorkinen gehiengoa 20-40 urte artean banatzen da, eta merkatuak eskulana eskatzen duenez, era horretako lanak egiten dituzte, gehienbat, gurera datozen etorkinek.
Nongo jendea etortzen da, gehienbat?
Bergarako Udalak 2006an egin zuen diagnostiko baten arabera, pakistandar eta boliviarrak gailentzen dira herrian. Arrasateko Udalak, berriz, 2008an egindako ikerketa baten arabera, bestalde, kolonbiarrak nagusitzen dira. Udal hori, gainera, etorkinei bideratutako plan baten ari da lanean. Aipatu dut lehenago ere gizon eta emakumeen artean oreka dagoela, baina jatorriari dagokionez aldatu egiten da hori. Esaterako, Bergarako pakistandarren artean gizonezkoak nagusitzen dira eta boliviarren artean, emakumeak.
Eta zein salaketa egin daitezke etorkinen eskubide urraketei dagokienez?
Salaketa gehienak euren lan baldintzetatik datoz, kontratu eta ordutegirik gabe egiten baitute lan, kasu gehienetan. Eskubiderik gabe egiten dute behar, hain zuzen. Ezegonkortasun egoeran egiten dute lan, gainera, eta pobrezia ere etorkinekin lotu daitekeen bereizgarrietako bat da. Lan merkatuaren zatiketak ere eragiten die euren egoerari, eta askotan ez dute lan kontratu egonkorrik lortzen.
Askotan, eskulan merkearen truke egiten dute lan, gainera...
Hori ezkutuko ekonomiaren eragina da. Erakundeek nahiko luketena baino pertsona gehiago daude lan eskubiderik gabe, eta horrek esan nahi du ezkutuan egiten dutela lan. Eta hori nori interesatzen zaio? Merkatuari, noski. Egoera horretaz aprobetxatzen da, gainera.
Eta gizarteari zer eskaintzen diote etorkinek?
2006an egin zen ikerketa batek etorkinek ordaintzen duten zerga kopurua adierazten zuen. Neurketa horren arabera, etorkinek batez beste bertakoek baino %23,5 zerga gehiago ordaintzen dute. Hori kontuan hartuta, eskuko atzamarrekin konta daitezke pentsioa kobratzen duten etorkinak. Izan ere, etorkinak hona lan egiteko adinarekin etortzen dira eta Gizarte Segurantzari euren ekarpena egiten diote.
Baina etorkizunean bueltan jasoko dute pentsioa, ala?
Ez dut uste. Izan ere, etorkin asko hona etortzen da lan egin eta ondoren sorterrira itzultzeko asmoz. Bergarako pakistandarrek, esaterako, hamar urtez lan egin eta itzultzeko asmoz etortzen dira, han etxebizitza bat egiteko dirua biltzeko asmoz etortzen dira. Askok euren sorterrian familia eta lagun ugari ere uzten dituzte, eta horrek eragin sakona dauka.
Azkenaldian entzun da kriminalak diren etorkinak euren herrialdetara deportatzeko asmoaren berri...
Bai; Suitzan egin berri dute erreferendum bat horren harira. SOS Arrazakeria elkarteko kide batek zioen moduan, "Europa zaharreko arrazakeria berria da honakoa". Kataluniako kanpainan PP alderdiaren ildo arrazista ere hor dago, atera duten bideojokoa adibidetzat hartuz. Krisi garaian arrazakeriak gora egiten duela esaten da, eta orain ere hori gertatzen ari da. Izan ere, halako egoera ekonomiko zailetan, gizarteari ondo datorkio etsai bat sortzea. Baina hau guztia gezur gainean sortzen da, eta halako batean behera erori beharko dute errazkerian oinarritutako argudio hauek.