Debagoieneko sortzaileen lan ugari izango dira Durangoko Azokan

Arantzazu Ezkibel Galdos 2010eko abenduaren 3a

Beste behin ere, Durango euskal kulturaren erakusleiho bilakatuko da. Bihar hasi eta abenduaren 8ra arte, eguaztena, egingo dute 45. Durangoko Disko eta Liburu Azoka. Azoka ilustratutako duen kartela Fede Bosch kataluniarrak egin du. "Bateratu gura izan ditu disko-jogailua eta liburua; sinplea eta argia da", azaldu zuen Jon Irazabal azokako zuzendariak Goienako platoan egindako elkarrizketan.

Euskal argitaletxe, banatzaile eta diskoetxeek ez dute hutsik egingo. 138 erakusle egongo dira, 285 erakusmahai eta 505 nobedade izango dira aurtengo edizioko datuetako batzuk. "Adibidez, 300 liburu berri izango dira azokako erakusmahaietan", gaineratu zuen Irazabalek. Azokan egongo diren produktuek bete beharreko baldintza bakarra da: euskarazko argitalpenak izatea edo euskal gaiak edozein hizkuntzatan jorratzea.
Ibarretik Durangora
Debagoiendarrei dagokienez, uzta oparoa joango da ibarretik Durangora. Musika lanak izango dira: Goseren Larrosa laugarren lana; Akaiter Peloxen Azkaiter Pelox & the road band zuzenean!; Emon taldearen Piztu herria; Arrasate eta Aretxabaletako Denial taldearen Ophiuchus lana; Oñatiko  Show Business taldearen Pozoindutako hitzak; Juan Karlos Irizar oñatiarraren Hegalak Zabalik azken diskoa; eta, Bergarako Fly Shit taldearen Arnas bakoitzeko ernetzen, besteak beste. Aurtengo lanak ez izan arren, Angerren Sedukzioaz eta Ruper Ordorikaren diskoak ere Durangoko Azokan egongo dira salgai.
Liburuak ere, mordoa
Ignazio Arregiren Eta, orain zer?, Pello Zabalaren Harkaitzaren magalean, Xabier Ugartek asteon atera duen Euskal musika gitarraz partitura liburua, Manolo Cainzosen Cartas para el diálogo desde Euskal Herria, Iñazio Irizarren Mondragoneko 32 gako enpresarial, Iñazio Irizar eta Gerardo Elortzaren Lizargarateko Txamao, Juan Karlos Irizarren Euskal abesti enblematikoak 2 eta 3, eta  Juan Ramon Garairen eta Maite Landinen Punto Final. Última testigo liburua. Besteak beste, lan horiek izango dira Durangon. Gainera, Anaje Narbaiza, Belen San Torcuato eta Andoni Goitiren Erremeixuak DVDa ere azokan egongo da salgai.
Argizaiola saria
Imanol Urbietari emango diote saria. "Hainbat kantu herrikoiak direla pentsatu arren, Urbietarenak dira; Ikatza carbon..., adibidez", dio Irazabalek. Zapatuan 20:30ean San Agustin kulturagunean izango da ekitaldia.
Bestalde, aurtengo herri gonbidatua Kurdistan izango da. Estaturik gabeko nazio horrek 30 milioi hiztun inguru ditu.

Azoka telebista zuzenean, Landakon

Azokak irauten duen bitartean Landakon gertatzen direnak zuzenean bertatik bertara ikusteko aukera egongo da. Goiena Telebistak kudeatuko du hori, ETB3rekin eta Hamaika Telebistarekin batera. Gainera, Gipuzkoako Foru Aldundiak babestuko du Azoka Telebista. Aurtengo berrikuntzetako bat da bi pantaila erraldoi jarriko dituztela azokako gunean. Bestalde, emisioa TokikoTVren bitartez streaming-ean ikusi ahal izango da. Goiena.net atariaren azpi-atal baten ikusten da TokikoTV. Denetariko edukiak emango dituzte: zuzeneko konexioak, elkarrizketak, inkestak, kontzertuak, erreportajeak...

Ahotsenean izango diren debagoiendarrak

Ahotsenea gunean euskarazko liburu eta diskoak aurkeztuko dituzte. Abenduaren 5etik 8ra egongo da zabalik, 11:00etatik 20:00etara. Solasaldiak, mahai inguruak, kantaldiak eta beste egingo dute gune horretan. Ibarreko hainbat taldek parte hartuko dute Ahotsenean.
Abenduaren 5ean, 19:00etan, Azkaiter Peloxek Sormena landu kantaldia egingo du; abenduaren 6an, 14:00etan, Goseren kantaldia; abenduaren 8an, 11:00etan, Kili kontuak liburuaren aurkezpena; abenduaren 8an, 13:00etan, Une taldearen Akustikoak eta bestelako uneak kantaldia; eta abenduaren 8an, 19:30ean, Emon talde bergararraren Piztu herria kantaldia. Emon taldearen emanaldiak itxiko du Ahotsenea gunea. Emanaldi bakoitzaren aurkezpena gehienez ere 30 minutukoa izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak