Euskararen aldeko apustua berretsiko dute gaur gurean

Euskararen Nazioarteko Egunaren harira ekitaldi ugari antolatu dituzte gaurko, egubakoitza, Debagoienean. Askotariko ekimenak egingo dituzte bailara osoan; batzuetan, elkarteek gertatutakoak izango dira eta beste batzuetan, berriz, erakundeek eta ikastetxeek. Azken horren adibide da Mondragon Unibertsitateak gertatu duen Euskararen Astea.

Euskarazko hitzik ederrena zein den galdetu diegu Oñatiko Herri Eskolakoei. Hemen erantzunak:

Ekimenen artean, Unibertsitateko Euskal Irakasleen Elkartearekin (EIRE) batera antolatutako euskarazko unibertsitate liburuen VI. erakusketa azpimarra daiteke. Mondragon Goi Eskola Politeknikoko liburutegian dago ikusgai martitzenetik gaur arte.

610 liburu
EIREk urtero antolatzen duen erakusketa da, argitaratutako Euskarazko Unibertsitate-Liburuen Bilduma ezagutarazteko asmoz. Euskal Herriko unibertsitate askotariko argitaletxeek kaleratutako euskarazko argitalpenak jaso dira hor. Aurtengo edizioan askotariko gaiak jorratzen dituzten 610 titulu berri ikus daitezke liburutegian. 
Esan bezala, erakusketarekin martxan jarri zuen unibertsitateak aurtengo Euskararen Astea. Baina hori ez da ekitaldi bakarra: aste osoan unibertsitateko campus ezberdinetan hainbat mahai-inguru egin ostean, gaur, Euskararen Asteari bukaera emateko, hitzaldi bi egingo dituzte Eskoriatzako fakultatean: 10:00etan, Nola atera norberaren hizkuntza armairutik? lelopean; eta 11:00etan, Euskalmapa proiektua-ren gainekoa.

Herrietako ekimen esanguratsuenak

Arrasate
Txatxilipurdik antolatuta, bihar, zapatua, lip-duba grabatuko dute, 16:00etan, Arbolapetan.

Bergara

17:00etatik 19:00etara haurrendako jolasak eta merienda egongo dira, eta 20:30ean bertso afaria Mikel Arrillaga eta Oier Aizpurua bertsolariekin. Jardunek gertutako ekitaldiok Seminarioko jolastoki estalian izango dira.

Aretxabaleta
18:00etan euskararen aldeko manifestua irakurriko da Herriko Plazan. Jarraian, txistorra-jana. Loramendik, Udal Euskaltegiak eta Barriketan egitasmoak antolatuta.

Eskoriatza
15:30ean, dantzak Luis Ezeizako ikasleekin; 16:30ean, jinkana eta jolasak. Eguraldiaren arabera, plazan edo pilotalekuan izango dira. 22:30ean, 8 begi antzezlana unibertsitatean.

Antzuola
19:30ean, gazte txokoak antolatuta pintxo dastatzea egingo dute, Zurrategin.

Aramaio
22:30ean, Kanpaiak jo bitartean antzerkia dago, kultura etxean.

Oñati

Errekaldeko, Txantxiku ikastolako eta Elkar Heziko neska-mutikoak kalera irtengo dira.

Bergaran, udaletxea apainduta

Bergarako udaletxeko balkoietan gaurko egunerako “himnotzat” hartu duten kanta baten hitzak jarri dituzte, Euskara zerbitzuaren ekimenez. Kantaren hitzak Ainhoa Agirreazaldegi bertsolari bergararrarenak dira eta Pirritx eta Porrotxen abesti batean agertzen dira. Hemen duzue abestia:

Egiozu euskaraz

Ezezagun bat baldin baduzu
mintzakide buruz buru
egin zaiozu euskaraz eta...
beharbada jakingo du!

Atzerritar bat tokatuz gero
hurbildu euskaraz behintzat
zeren bestela ulertuko du
euskara ez dela beretzat!

Euskaraz mantso ari den norbait
aurrez aurre badaukazu
hitz egiozueuskaraz mantso,
opari bat egiozu!

Norbaitek esan badizu “euskaraz
ez dakit hitz egiten nik”
ohartu zaitez, ez dizu esan
entenditzen ez duenik!

Nahiz asko maite, nahiz oso geure
sentitzen dugun euskara
inork agindu gabe erdaraz
sarritan geu hasten gara!

Ez zazu egin hainbeste duda
zeurea euskarazesan
edukazio gehiegizkoak
euskara galdu ez dezan!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.