Oxel Erostarbe: "Lau urtean bi milioi eurotik gora ekarri ditugu herrira"

Larraitz Zeberio Lekuona 2010ko abe. 1a, 18:18

Agintaldia amaitzeko sei hilabete falta dira, eta bere inpresioen berri eman du alkateak Goiena magazinea-n. Hemen daukazue elkarrizketa irakurgai.

Agintaldiaren azken txanpan, ze balorazio egiten duzu?
Oraindik lan asko dugula egiteko. Maiatza gertu egon arren, hainbat proiektu azkeneko bultzadaren edo hasierako bultzadaren faltan daudela.

Zelan joan dira gauzak gainerako alderdi politikoekin?
Bidelagun izan ditugu EAE-ANVko bi zinegotzi. Ni oso pozik nago elkarren artean izan dugun giroarekin eta elkarlanean bultzatu ditugun proiektuekin. Oposizioak egin du oposizioa. Kontua da, nire ustez, ez diogula oposizio lanak egiteko gauzak erraz ipini, ustez amets ziren hainbat proiektu gauzatu egin ditugulako. Baina giroa eurekin ere ona dela esango nuke.
 

Pertsonal gutxiago duzue orain Udalean. Ondo funtzionatzen dute gauzek?
Beti dago zer hobetu, baina argi genuen gurea 1.000-1.100 biztanleko herria izanik gastuak diru-sarreretara moldatu behar genituela. Alegia, mantentzeko gauza garen langile kopurua behar genuela. Hala, amaiera eman genion Elgeta 21 Garapen Agentziari eta espero dugu Hirigintza Zerbitzua hobetzeko ditugun proposamenak agintaldiaren amaierarako bideratuta gelditzea.

Zein da gaur egun Elgetako Udalaren egoera ekonomikoa?
Momentuan 1,7 milioi euroko zorra dugu. Zorpetuta aurkitu genuen Udala, eta agintaldi honetan egindako gestioa nabarmenduko nuke. Sarrerak eta gastuak parekatzen ahalegin handia egin dugu eta inbertsioetarako dirua handiagoak diren erakundeetatik ekarri dugu. Krisi ekonomikoak eragina izan du Elgetako Udalean ere, baina krisiaren atzean ezkutatzea ez da ona. Lau urteotan bi milioi eurotik gora ekarri ditugu Elgetara. Kontuan har daiteke aurreko agintaldian, egoera ekonomikoa ona zenean, milioi bat  euro ekarri zirela. Nire ustez, gestio egokia egin dugu eta Aldundia eta Jaurlaritza bidelagun izan ditugu proiektu askotan.

2011rako aurrekontuak bideratuta izango dituzue?
Bagabiltza. Asmoa da urtea bukatu aurretik aurrekontu hori onartzea. Nagusiki gastuak eta sarrerak parekatu egin ditugu eta inbertsiorako erronka handia Domingo Iturbe Patronatuaren eraikina eta ingurua berriztatzea izango da.

Zertan da proiektu hori?
Diru asko da, agente askok hartzen dute bertan parte, baina Udalak laguntzeko eta dirua ekartzeko borondate guztia dauka. Baina bidelagun bat behar dugu; eraikinaren jabe den Gotzaindegia. Haiekin harremanetan gaude. Ikusi egin behar da orain ze pauso eman nahi dituen.

Atez atekoaren alde dago Elgetako Udala?
Mahai gainean dagoen gaia da eta Elgetara ere etorriko den debatea da. Argi dut eztabaida hori herritarrekin egin beharko dugula, baina uste dut atez atekoan zentratzen garela larregi eta zabor kudeaketa prozesuaren hasieratik bukaerara arte hartu beharko genukeela kontuan erabakia hartzeko. Gainera, ez dakit herri bakoitzak hausnarketa bere aldetik egiteak nora eramango gaituen. Nire iritziz, apustuak egin behar dira, baina apustu horiek Gipuzkoako herri guztiok batera egin beharko genituzkeela uste dut.

Pilota eskolan kexu dira frontoiko arautegia errespetatzen ez delako.
Egia da arautegi bat dagoela eta gero eta zailagoa dela hori betearaztea. Nik uste dut Elgeta  moduko herri baten frontoiari ahalik eta erabilpen handiena eman behar diogula. Proposamen bat daukagu frontoian bi gune egiteko: alde batetik, kirola egiteko gunea; eta bestetik, aisialdirako gunea. Saiatu beharko dugu bi erabilera horiek batzen, kontuan hartuta frontoia kirola egiteko gunea ere badela eta garbi mantendu behar dela.

Zer premia nagusi ikusten dituzu herrian?
Elgetak ezinbestean behar du garraio publiko duina, eta Udalak proposamen zehatza egin dio Aldundiari. Erantzunaren zain gaude. Osasun zerbitzuetan ere gabezia handia dugu eta eskatu eta eskatu ari gara, baina herri handietan gertatzen ari dena ikusita... baina borroka horretan jarraitu beharko dugu.

Hurrengo hauteskundeetan Elgetako alkategai izango zara?
Goiz da horrelako gauzei buruz hitz egiteko. Momentu honetan printzipala ez da jarraituko duten edo ez. Printzipala esku artean ditugun proiektuak dira, horretarako aukeratu gintuzten-eta herritarrek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak