Gipuzkoan ezkerreko alternatiba abertzalea sendotu gura du Aralarrek

Txomin Madina Milikua 2010ko aza. 30a, 19:20

Arrasaten egindako agerraldian, Rebeka Ubera, egun Batzar Nagusietan Aralarren bozeramaile dena aurkeztu dute datozen Foru hauteskundeetarako Deba-Urola barrutiko zerrendaburu. Uberak esan du besteak beste, gizarte politikak sendotzea izango dela Aralarren lehentasuna. Joxe Etxeberria Arrasateko zinegotzia eta Inazio garro Aretxabaletako alkatea izan dira Uberari babesa ematen.

Gipuzkoan ezkerreko alternatiba abertzalea indartzea da, Rebeka Uberaren esanetan, Aralarrek egun duen erronka nagusiena, arrazoitu duenez, aukera hori indartzetik soilik etorriko delako lurraldea ezkerreko
politikekin gidatuko duen gobernu baten aukera sendotzea.

Uberak azpimarratu du Patxi Lopezen esanetan datozen maiatzeko hauteskundeak  legebiltzarreko hauteskundeen bigarren buelta izango direla eta helburua dela PP-PSOE binomioa aldundietara eta udaletara eramatea. Aralarreko zerrendaburuaren esanetan, bere alderdia  sendotzen ari den ezkerreko alternatiba abertzalea da horren kontra egiteko aukera eraginkorrena.

Aralarren lehentasunak aipatzeko orduan, Uberak esan du pribatizazioen kontra egitea, Gipuzkoarako azpiegitura egokiak, euskararen alde egitea, zaborren kudeaketa, garraio publikoa eta etorkinak izango direla , besteak beste, lehentasun horiek.

Herrietako zerrendaburuei dagokienez, urtarrila amaiera inguruan hasiko dituzte herri batzarretan hauek aukeratzeko prozesuak.

''Entzun nahi zaitugu'' kanpaina

Zerrendaburua aurkezteaz gain, gizartearen ekarpenak jasotzeko Aralarrek abiarazitako kanpainaren berri ere eman dute Arrasaten. Aretxabaletako alkatea Inaxio Garrok azaldu duenez, alderdiaren webgunea izango da kanpainaren ardatza, eta honetaz gainera hainbat sare sozialetan profilak sortu dituzte herritarrek ekarpenak egin ditzaten.

Baina kanpaina ez da Internetera mugatuko, herriz-herri ere ibiliko dira-eta herritarrekin bildu eta euren kezak eta proposamenak jakiteko.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak