Etxenikek ireki du UNEDen ikasturtea

Julen Iriondo 2010ko aza. 27a, 14:19

Wolframioaren aurkikuntzatik abiatuta egin zuen zientzialari ezagunak ikasturte hasierako lezioa; ikasketak amaitu dituztenei diploma eta orain arteko zuzendari Juanjo Alvarezi domina eman zieten.

Euskal zientzialari ezagunena izanda eta Bergarako Seminarioan egoitza duen unibertsitatearen  ikasturte hasiera ekitaldiaren  testuinguruan, ezin zitekeen bestela izan: Pedro Migel Etxenikek 1783. urtean Elhuyar anaiek han bertan egindako wolframioaren  aurkikuntzari erreferentzia eginez hasi zuen 2010-11 ikasturtea irekitzeko lezioa. "Ezagutzarekiko pasioa. Unibertsitatea, etorkizunerako autobidea" izeneko hitzaldia egin zuen; ezagutzaren balioaz jardun zuen, zientziaz, baina baita euskarari eta Euskal Herriari buruz ere: "Gure herrigintzak etorkizunik izango badu, hezkuntzan, berrikuntzan, teknologian, zientzian eta euskaran oinarrituta izango da; euskarak eta Euskal Herriak gaur arte iraun badute euskaldunok aldi eta egoera berrietara egokitzen jakin dugulako izan da", esan zuen Donostia International Physics Center-eko presidenteak.

Etxenikerekin batera, Juanjo Alvarez izan zen ikasturte hasiera ekitaldiko beste protagonista nagusia. Ekitaldian izan ziren erakundeetako ordezkariek –Agurne Barruso alkatea, Markel Olano ahalduna, Iñaki Esparza UNED-Bergarako zuzendari berria eta Juan Antonio Gimeno UNEDeko errektorea– esker on hitzak izan zituzten hamalau urtez zentroko buru izan denarekiko; unibertsitatearen zilarrezko domina eman zioten Alvarezi.
Berba batzuk ere egin zituen zuzendari ohiak: "Bizitzaz gozatu dut hamalau urteotan". Eskerrak eman zituen, baita ikasleei zuzenduta ere, "UNEDen izate arrazoia".

Hain justu, 2008-09 ikasturtean ikasketak amaitu zituzten ikasleei diplomak eman zizkieten ekitaldiaren amaiera aldera. Urtetik urtera ikasle gehiago izaten ditu Bergarako UNEDek: iaz, adibidez, 3.000 izan ziren, aurreko ikasturtean baino %20 gehiago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak