Plan pilotu hori otsail edo martxora arte eramango dute aurrera lau enpresa horiekin, eta, han ondo funtzionatzen badu, EAEko beste enpresa batzuetara zabalduko dute hortik irteten den ordutegi eredua. Enplegu eta Gizarte Gaien Saileko Gizarte eta Lan Berrikuntzako zuzendari Gloria Muxikak azaltzen duenez, sail horrendako "estrategikoa" da lan lerro hori: "Ordutegi europarrak dituzten herrialdeetan, lana eta familia hobeto bateratzen dituzte, eta enpresak produktiboagoak dira", esaten du.
Proposatzen diren neurrietako batzuk hauek dira: lan-jardun jarraia egitea; lanean sartzea 08:00etatik 09:00etara bitartean, eta 17:00etatik 18:00etara bitartean irtetea; tartean, bazkaltzeko ordu erdi edo, gehienez, ordu bete hartuko lukete langileek. Dena dela, enpresa bakoitzaren ezaugarrietara moldatuko litzateke.
Zaintza zerbitzuak eskoletan
Gaur egun, langile gehienek ez dute ordutegi malgurik eta arratsaldean Europako beste herrialde gehienetan baino beranduago irteten dira lanetik. Hala, haurtzaindegiak daude; bestalde, gurasoek eskatuta, ikastetxe gehienek zaintza zerbitzu bat eskaintzen dute. Ohiko ordutegia hau izaten da: goizetan, 07:30etik hasita, eskolak hasi arte; eta arratsaldeetan, 18:00ak arte. Ikastetxe gehienek urteak daramate zerbitzu hori ematen.
Oñatiko Errekalde Herri Eskolan, guraso elkartearen ekimenez jarri zuten martxan zaintza zerbitzua. Ikastetxeko zuzendari Jose Fernandezek dioenez, "ikasturte hasieran, gurasoek fitxa bat betetzen dute, egokien iruditzen zaien ordutegia proposatzen. Oraingoz, gure zaintza zerbitzuak gurasoen beharrei erantzuten diela uste dugu. Horrez gain, gurasoen aldetik beste eskaera edo proposamenik baldin badator, landu egiten dugu".
Oñatiko Txantxiku Ikastolan ere goizeko eta arratsaldeko zaintza zerbitzua ematen dute. Egunero 50 bat ume ibiltzen dira. Goizez, 4. maila artekoendako dago zabalik zerbitzu hori; arratsaldez, 2. maila artekoendako. Horrez gain, 08:15ean eta eskolak hasi arte ere, ikasgelak zabalik egoten dira adin guztietako ikasleak han egon daitezen. Bestalde, DBHko ikasleek arratsaldeetan eskolak bukatzen dituztenetik 18:00ak arte ikastolan etxeko lanak egiten gelditzeko aukera dute, astelehenetik eguaztenera.
Baina dena oraindik gutxi da; hala dio Nekane Zelaiak, Errekaldeko guraso elkarteko ordezkariak: "Segun eta norberak non lan egiten duen, samurrago edo zailago egingo zaio biak bateratzea. Eta badaude haurtzaindegiak, zaintza zerbitzuak… baina hala eta guztiz ere, gurasook laguntza gehigarria behar dugu: senitarteko batek laguntzea, aitaita-amamek kasu; edo bateren bat kontratatzea umeak zaindu ditzan". Eurek bultzatutako zaintza zerbitzua daukate eskolan, eta egunero eskola ordutegietatik kanpo, Gabonetan, uztailean eta Aste Santuan dago zabalik. "Gastu bat da, baina merezi du", esaten du Nekane Zelaiak.
Kalitatezko orduak
Beste batzuen iritziz, landu beharrekoa da aita-amek seme-alabekin pasatzen duten denboraren kalitatea. Horrela uste dute Arrasateko Txatxilipurdi umeen aisialdi elkartekoek, euren ordezkari Eneko Barberenaren hitzetan: "Aita-amak umearekin eman ditzake lau ordu, gurasoa sukaldean eta umea telebista ikusten; edo gurasoa egon daiteke ordu bat umearekin, berarekin jolasten, telebista ikusten… hortaz, zer da hobe?". Beste ohitura batzuk proposatzen dituzte Txatxilipurdikoek: "Adibidez, erosketa-zerrenda umearekin batera egin dezakegu, eta erosketak egitera ere umearekin joan. Beti ezingo da egin, baina umearekin pasatzen dugun denbora guztiak du garrantzia".
Antzeko iritzia dauka Rafael Cristobal psikiatra arrasatearrak, hezkuntza gaietan adituak: "Ordutegi europarragoak behar direla? Konforme; baina umeak agintzen du, batez ere haurtzaindegira joaten hasten denean. Askotan, gurasoak presaka dabiltza; umea haurtzaindegian utzi eta joan egiten dira; eta behar adina denbora egon behar dira umearekin haurtzaindegian, 10-15 minutu, umea etxean bezala sentitu arte. Egunero gurasoengandik banantzea modu gozoan egin behar da".