EAJk irabaziko lituzke Gipuzkoako foru hauteskundeak

Eneko Azkarate Laspiur 2010ko aza. 26a, 09:29

Gipuzkoako diputazioak enkargatutako inkesta baten arabera, Alderdi Jeltzaleak 14 batzarkide lortuko lituzke datorren maiatzeko foru hauteskundeetan; PSE-EEk 13; ezker abertzaleak 9; PPk 6; Aralarrek 5, EAk 3, EBk 1, eta H1ek, Alternatibak eta UPDk bat ere ez.

Gipuzkoako foru hauteskundeen gaineko inkestaren emaitzak

Aztiker eta Logikaline enpresek egin dituzte inkestak urriaren eta azaroko lehen astearen bitartean. Markel Olano (EAJ) ahaldun nagusiak aurkeztu zituen emaitzak atzo, eguena.

  • EAJ nagusi PSE-EEren mesedetan, baina biek behera
  • EAJ: %24,28 eta 14 batzarkide. Lehen: 16 batzarkide.
  • PSE-EE: %21,29 eta 13. Lehen: 16 batzarkide.
  • Ezker abertzalea: %16,11 eta 9. Lehen: 0 (legez kanporatua)
  • PP: %12,18 eta 6. Lehen: 6 batzarkide.
  • Aralar: %9,45 eta 5. Lehen: 2 batzarkide.
  • EA: %6,99 eta 3. Lehen 7 batzarkide (zatiketaren ostean 0).
  • EB: %4,59 eta 1. Lehen 1.
  • H1: %1,48 eta 0. Lehen 0 (zatiketaren ostean 7).
  • Alternatiba: %1,34 eta 0.
  • UPD: %0,60 eta 0.

Deba-Urola barrutian ere EAJ nagusi

Gure barrutian, Deba-Urolan, honako hau izango litzateke emaitza: EAJk lortuko lituzke 4 batzarkide; ezker abertzaleak 3; PSE-EEk 3; Aralarrek 2; EAk 1 eta PPk 1. Besteek ez lukete lortuko ordezkaritzarik.

H1 batzarkiderik ez

Deigarria da H1ek ez lukeela lortuko ordezkaritzarik. Azkeneko foru hauteskundeetan, EAk Gipuzkoan lortu zituen 7 batzarkide eta horiek guztiak pasatu ziren iaz Hamaikabatera alderdiaren zatiketaren ostean. Bada, hurrengo hauteskundeetan, inkesten arabera, 7 horiek galduko lituzke H1ek eta EAk, ostera, hiru lortuko lituzke.

Boto estimazioaz gain, Gipuzkoako jendartearen iritzi kualitatiboak ere jaso dira hainbat alorretan: politikaren gainean, oro har, eta baita udal politikaren inguruan.

Olano Lopez baino hobeto

Lider politikoen gaineko balorazioa ere eskatu da, Lopez lehendakariaren eta Olano ahaldun nagusiaren gainekoa, hain justu ere. Gipuzkoarrek 5,03 jarri diote Olanori eta 4,35 Lopezi. Halere, Lopez ezagutzen du gipuzkoarren %90ak eta Olano, berriz, gipuzkoarren erdiak.

Politikarekiko interes gutxi

Inkestaren ondorioetako bat da interes gutxi dutela gipuzkoarrek politikarekiko. Ia %70ek erakusten du hori eta horietako batzuek lotzen dute politika ustelkeriarekin edo interes partikularrekin. "Iritzi ezkorra" dute gehienek eta "balioa edo ospea galdu" duen ogibidea dela diote.

Olano politikari "gertuko" eta "jator" moduan dute gipuzkoarren gehienek. Bere diskurtsoa ezezagun samarra bada ere, oro har, "irekia" da abertzaleen ustez eta "larregiko abertzalea" ez direnen ustez. Oro har, diputatuak, politiko ezezagunak dira Gipuzkoan.

Udal politikak jakingura handiagoa

Politika lokalak jakingura handiagoa sortzen du politika orokorrak baino. Herrietan, alkatea da ezagutzen den Udal politikari ia bakarra eta herri txikietan balorazio hobeak lortzen dituzte udal agintariek herri handietan baino. Gipuzkoarrek nahi dituzte politikari "gertukoak, entzuteko gaitasuna dutenak, enpatia sortzen dutenak, lan taldean jarduteko dohaina dutenak kudeatzaile onak direnak". Halere, politikariez galdetzean, %45ak dio ez direla hurbilak (%44endako bai); %41ak ez direla ondraduak (%40rendako bai) eta %45ak ez direla eraginkorrak (%38rendako bai).

Erakundeengan duten konfiantza aztertzerakoan, zenbat eta gertuagokoa erakundea, are eta konfiantza handiagoa: Udala: %5,4; Gipuzkoako Foru Aldundia: %5,3; Eusko Jaurlaritza: %4,8, eta Espainiako gobernua: %3,6.

Udal agintariak eta herritarren iritzia

Gipuzkoar gehienek uste dute Udal agintariek gutxi (%42,6) edo batere ez (%36,2) interesatzen direla herritarren iritziez, hau da, ez dituztela haien nahiak, esanak edo iritziak aintzat hartzen.

Prentsa idatzia informatzeko

Herritarren gehiengoak dio prentsa idatzia erabiltzen duela informatzeko. Herritarrak titularrekin geratzen dira eta informazio garbia eta zehatza eskatzen dute. Udalerriko gaiez informatzeko, %50,7k prentsa idatzia darabil; %14,6k telebista; %11,6k irratia eta %7,3k Internet edo posta elektronikoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak