Danbakako azken-aurreko emanaldian pop, rock eta folk doinuak

Amaia Txintxurreta Guridi 2010ko aza. 25a, 19:14

Danbakako azken-aurreko kontzertua izango da egubakoitzekoa –abenduaren 17an izango da azken emanadia–. Ondarroako Xarma, Aramaioko Deabrutu, Eibarko Seafóid eta Aretxabaletako Scam taldeak igoko dira Espaloiko taula gainera. Helburu bera izango dute: urtarrilaren 14an jokatuko den finalerako txartela.

Xarma

Josuah Froufe eta Christian Martin Berrizkoak dira, eta Itsaso eta Jon Kirru, Donostia eta Ondarroakoak. Jon Kirru eta Itsaso 2007an elkartu ziren eta beste biak 2008an sartu ziren taldean. 2008ko udazkenean Bilbovision lehiaketan hirugarren saria irabazi zuten. Orduz geroztik, hainbat lekutan jo dute. Amaraunak diskoa atera zuten 2009an; rock eta pop ukituko 12 abestiz osatutako lana da. Gai intimistak landu, eta kritika sozial eta politiko zorrotza egiten dute abestietan.


Deabrutu
Muturreko bateria saioak eskaintzen ditu Deabrutu taldeak. Iñaki Urizarrek osatzen du taldea. 22 urterekin hasi zen bateria jotzen; ordutik, hainbat saiakera egin ditu musika talderen bat osatzeko. Lehenengo, Aramaioko lagunekin Sakre taldea sortu zuten. Gero, Bergaran egon zen beste talde batekin, baina beste hark ere ez zuen aurrera egin. Azkenik bateria bakarrik jotzea erabaki zuen; hala, hori da Danbaka musika lehiaketan eskainiko duena: muturreko bateria saioak.


Seafóid 
Seafóid talde eibartarra 2009ko udazkenean sortu zuten. Dagoeneko desagertuta dagoen Flipin Folk taldeko lau kidek –Iñaki, Jorge, Victor eta Pau– eta Johnny Kinnairo irlandarrak osatzen dute taldea. Berehala konturatu ziren hartu-eman ona zutela. Folk, pop eta rock doinuak antzeman daitezke Seafóid taldearen abestietan. Ingelesez abesten dute eibartarrek. Adierazi dute Seafóid berbak eromena esan gura duela gaelikoz.


Scam 
Mikel Cubillok (ahotsak, gitarra) eta Imanol Ramosek (bateria) sortu zuten Scam 2004 urte bukaeran. 2005 urte hasieran Paulo Casal gitarra jotzailea sartu zen taldean eta 2006an Ander Romero baxua. 2007. urtean Musicosamateurs.com lehiaketa nazionalean, lehen saria irabazi zuten Sorprender abestiarekin. Azkeneko bi urteetan kontzertu asko eman dituzte aretxabaletarrek; gainera, euren entsegu lokala kontzertu, lan eta grabazio gela bilakatu da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak